Urtarrilaren 30ean eman zitzaion hasiera hilabete eta erdi iraungo duen Soraluce Lau eta Erdiko Txapelketari. Julen Aranburu BKEko pilota saileko arduradunaren esanetan, pilotari onak ekarri dituzte, Euskal Herri mailan gustatzen zaizkienak: "Suposatzen dut maila polita egongo dela partiduetan".
Ander Etxaniz da txapelketan parte hartuko duen BKEko pilotari bakarra, eta Aranburuk adierazi du Gabonetan eskuetan lesio txiki bat izan zuela Etxanizek. Hala ere, azken bi asteetan jokatu ditu binakako partidak, eta espero du lan polita egitea. Txapelketako norgehiagoka hilaren 6an jokatuko du, Oier Hormaetxeren aurka: "Aurkari gogorra dauka final laurdenetan. Elite mailako lau eta erdiko txapelketan maila polita eman zuen bizkaitarra da. Ea, gutxienez, finalerdietara pasatzerik daukan eta ahalik eta urrunen heltzen den".
Faboritoez galdetuta, promesetan Oihan Etxeberria eta Beñat Apezetxea aipatu ditu. Nagusietan, ordea, zalantza gehiago ditu: "Aitor Alduntzin, Beñat Zubizarreta, Aitor Karregal... Azken horrek lau eta erdian beti maila ona ematen du. Iaz txapeldunorde izan zen, 22-21 galduta".
Sanchez eta Alduntzin irabazle
Martitzenean, 22-20 mendean hartu zuen Sanchezek Irribarria. Irribarria aurretik "erraz" joan zen, baina partidari buelta eman zion amaieran Sanchezek. Bigarren partidan, 16-22 irabazi zion Alduntzinek Amianori. Amiano izan zen nagusi, baina Aranburuk esan du nekatu egin zela, eta Alduntzin iritsi zen 22. tantora.