Ander Etxaniz: "Gustuko dut kaiola; are gehiago, etxean lehiatuta"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 29a, 11:17

Etxaniz pilotari astintzear, artxiboko argazki batean.

Bihar, urtarrilak 30, abiatuko den Soraluce lau eta erdiko pilota txapelketan Etxaniz izango da Bergarako ordezkari bakarra; otsailaren 6an jokatuko du lehen jardunaldia, Oier Hormaetxeren aurka (19:30).

Gabonetan lesionatu arren, ilusio bereziarekin helduko dio Ander Etxanizek (Bergara, 2001) etxeko txapelketa kutunari, Soraluce lau eta erdikoari.

Zelan zaude orain bertan sasoi aldetik?

Gabonetan atzamar bat apurtu nuen eta hiru bat aste geldi egon behar izan nuen. Aurreko astean itzuli nintzen frontoira, eta, 22- 19 galdu, arren sentsazio aldetik ondo joan zen partidua, espero nuena baino hobeto sentitu nintzen. Ez nago nire sasoi puntu onenean joko aldetik, baina baikorra naiz eta gogotsu nago Soraluce txapelketarako.

Herrian lehiatzeak beti eragiten du motibazio berezia...

Halaxe da. Astebete izango dut, Soraluce txapelketako bigarren jardunaldian hasiko naizelako lehiatzen, eta ikusiko da nola heltzen naizen. Frontoia ondo ezagutzen dut, eta bereziki gogotsu nago. Maila handiko txapelketa da, garrantzitsua, eta etxean jokatuko dudana; Euskal Herriko hainbat frontoitan aritzen naiz, baina ez dut aukera askorik izaten Bergaran jokatzeko. Lagunek beti galdetzen didate ea noiz jokatu behar dudan Bergaran, eta ziur ez zaidala haien babesa faltako. Bai, berezia izango da.

Frontoia ezaguna duzu... eta modalitatea? Nola ari zara kaiolan?

Gustatzen zait kaiola, eta esango nuke ondo moldatzen naizela. Denboraldi honetan bertan Gipuzkoako txapelketa irabazi dut lau eta erdikoan, eta horrek konfiantza puntu gehigarria ematen dit.

Ze helburu zehaztu duzu Soraluce txapelketarako?

Nire maila onenera gerturatu eta itxura ona eman nahiko nuke, neure buruarekin gustura geratu. Lehen jardunaldia gainditzea da lehen helburua, eta gero, ikusiko dugu...; ezin da ahaztu Euskal Herriko pilotari onenetakoak etorriko direla eta ez dela erraza izango.

Debagoienak beste ordezkari bat ere izango du, Ander Murua arrasatearra. Nola ikusten duzu?

Goian dagoen pilotaria da. Ondoko herrikoa da eta oso harreman ona dugu, askotan kointziditzen dugu frontoian. Harreman ona dugu, baina baita sekulako pikea ere... Ondo ikusten dut txapelketara begira, faboritoetako bat da.

"Lehen jardunaldia gainditzea da lehen helburua; betiere, itxura ona emanda. Gero, ikusiko dugu..."

Beste izenik aipatuko zenuke faboritoen artean?

Asko gustatzen zait Oian Canabal. Oso pilotari gogorra da, kaiolako modalitatea ondo baino hobeto kontrolatzen duena. Defentsan zein erasoan oso ondo dabil, eta ziur irabazteko lehian sartuko dela; nire kinieletan, behintzat, faborito nagusietako bat da.

Martitzenetan jokatzen dira partiduak... Badago giroa harmailetan?

Txapelketako jardunaldiak aurrera joan ahala zale gehiago etortzen da; finaletan beti egoten da zale kopuru polita. Martitzenetan eta berandu izan arren, giroa egoten da, eta hori pilotariok asko eskertzen dugu.

Soraluce txapelketaz harago, zer eskatzen diozu 2024ari pilota arloan?

Hasteko eta behin, minik ez hartzea. Azken bi urteetan, Gabonetan atzamarra apurtu aurretik, hobekuntza igarri dut, min barik eta gogo handiarekin ibili naizelako, eta dinamika horretan jarraitu nahi dut. Txapelketaren bat irabazten badut, ondo baino hobeto. Txikitatik ezagutu dudan kirola da, eta, txapelek ilusio berezia eragiten badute ere, pilotari lotuta jarraituko dut urte batzuetan.

Nola dago BKEko pilota saila?

Lan handia egiten ari da zuzendaritza taldea. Gainera, Beñat Rezusta begirale aritzeak lagundu egiten du neska-mutikoak erakartzeko. Gazteenen artean pilotari kopuru polita dago, baina kadete eta gazte mailetan beherakada nabarmena dago oraindik ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak