'La ertzaintza que viene' liburua aurkeztuko du Ahoztar Zelaietak eguenean

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 29a, 19:03

Ahoztar Zelaieta, Bergarako gaztetxean.

Angiolillo liburutegiak 2023ko otsailean abiatu zuen "faxismoa aztertzea" helburu zuen zikloa eta, horren baitan, jardun poliziala izango da aztergaietako bat. Hala, "Ertzaintzaren garapen teknologikoaren eta opakotasunaren berri" ematen duen liburua aurkeztuko du kazetariak otsailaren 1ean, 19:00etan, Bergarako gaztetxean. 

Bergarako Angiolillo liburutegiak iaz abiatu zuen zikloak jardun poliziala eztabaidagai jarri nahi du, mahai gainera atera. "Estatu faxista baten erreforma kosmetikotik sortua eta legitimatua izan den gorputz poliziala, faxismoak edaten duen balioetatik zein urrun ala hurbil ote dagoen aztertu nahi dugu. Indarraren monopolio aitortuak, azken 40 urte pasatxotan garatu duten jardunbideak (disidentzia politiko eta sozial ororen jazarle), zigorgabetasun inplizituak... Zein paisaia utzi du egungo Ertzaintzan?", adierazi du Aser Polvorosak, liburutegiaren kudeatzaileak.

Gaineratu du badagoela zer aztertu: "Faxismoak haize berria hartzen ari diren abagune historikoan, azterketarako osagaiak proposatzen jarraituko dugu. Ezagutu dezagun aurrean dugun errealitate politikoa zer elementuk josten duen. Aurre egin ahal izan diezaiogun ezinbestekoa baitugu".

Testuinguru horretan, La ertzaintza que viene liburua aurkeztuko du Ahoztar Zelaieta kazetariak eguenean. Honako hau da liburuaren sinopsia:

Azken hamarkadan, Ertzaintzak teknologia aurreratuak erabili ditu zaintza handiagoa egiteko, ikuspegi prediktiboago batekin: adimen artifiziala, algoritmoak, komunikazioetan esku hartzea, identifikazio biometrikoa edo abangoardiako bideozaintza-sistemak. Teknika horiek eragin nabarmena dute giza eskubideetan eta askatasun zibiletan, hainbat erakundek egindako txostenetan ikus daitekeenez. Modernizazio hori zaintzaren industria pribatuko erraldoien eskutik egiten ari da, askotan aholkularitza-enpresa eraginkorren bidez, eta Euskal Herriko eta Espainiako kargu politikoen ate birakari ugarirekin. Lan honek Ertzaintzaren garapen teknologikoaren eta opakotasunaren berri eman nahi du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak