Joanes Plazaola: "Etxegabetze mota asko daude, ez da epai judizialekora soilik mugatzen"

Xabier Urtzelai 2024ko urt. 20a, 17:01

Gaur egin duten aurkezpen ekitaldiko une bat, UNED-en.

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak etxegabetzeen aurkako ekintza gida aurkeztu du gaur Bergaran. Bost hizkuntzatan dago gida, eta egoera zaurgarrian daudenendako erabilgarria izan daitekeela uste dute egileek. Joanes Plazaolak eman du aurkezpenaren berri.  

Etxetik kaleratua izateko hainbat modu daude, antola zaitez guztien aurka izenburupean Etxegabetzeen Aurkako Ekintza Gida sortu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta gida hori gaur, zapatua, aurkeztu dute Bergarako UNEDen. "Lagun talde polita batu gara, ondo joan da aurkezpena", adierazi du Joanes Plazaolak. Eta jarraian gidako nondik norakoak azaldu dizkio GOIENAri. "Badirudi gaur egun ez daudela etxegabetzeak, ez direlako garai batean moduan komunikabidetan azaltzen, baina guri etxegabetze datuak iristen zaizkigu, oraindik ematen dira". Hala, Plazaolak dio halako kasu zaurgarrietan dauden herritarrendako lagungarria dela gida. "Ez da legeari begira egindako gida soil bat, halako kasuetan daudenendako baliagarriak izan daitezkeen aholkuak batzen ditu gidak, jarraibide zehatzak ditu".

Epai judizialetatik haragoko etxegabetzeak

Plazaolak nabarmendu du, gainera, etxegabetzeen kontzeptua epai judizialen ondorioz ezagutzen diren horiek baino zabalagoa dela. "Lanean ibilita ere alokairua ordaindu ezinda dabiltzanak, norberaren herriko alokairuen prezioak neurrigabeak direlako kanpora joan behar direnak, errentan dagoenaren ezjakintasunaz baliatzen diren etxejabeak, edo mehatxuen bidez kanporatu nahi izaten dituztenak, desokupazio-enpresetara jotzen dutenak... Horiek guztiak ere etxegabetzeen barruan sartzen ditugu. Edo baita indarkeria matxistaren ondorioz kalean geratu direnen kasuak ere. Kontzeptu zabala da, eta gidak horiek ere jasotzen ditu".

Hemen duzue Etxegabetzeen Aurkako Ekintza Gida irakurgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak