Apiril erdialderako espero dute berritzea Bergarako hilerriko kapera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 19a, 11:48

Obretan dagoen hilerriko elizatxoa, eguen goizean.

Bergarako Matxiategiko hilerriko elizatxoa zaharberritzeko lanak apiril erdialderako amaituta egotea espero du Udaleko zerbitzu teknikoak, ondare ikuspegitik erakin babestua izateak "obra zaila" izatea dakarren arren; proiektuaren aurrekontua da 136.234 euro da –BEZa barne–.

Aspaldikoa da Matxiategiko hilerriko kapera berritzeko beharra. Lanak 2023ko azaroaren 15ean hasi ziren, eta, proiektuak bost hilabeteko exekuzio-epea duenez, 2024ko apirilaren 15erako lanek amaituta egon beharko lukete. Harri Construcciones y Manposteria enpresari esleitu zion Udalak proiektua, 136.234 euroko aurrekontuarekin –BEZa barne–, bereziki kaperak zituen bi arazo konpontzeko: batetik, fatxada nagusiko arkuaren mugimendua; eta, bestetik, ondoko eraikinaren estalkiaren kokapena.

Babestua izateak, zaildu

Horretarako, honako lan hauek egiten ari dira kaperan: fatxada nagusia garbitu; zorrotenetan jasotzen diren euri-urak behar bezala bideratu, aurreikusitako kutxeten bidez eta PVCzko hodi berri batez –lurpeko ur-kopurua mantentzea da helburua–; fatxada nagusia eta albokoak zaharberritu; zurezko egitura egonkortu kontserbaziorako irizpideak lehenetsita; eta, azkenik, kanpoko arotzeria berreskuratu.

Udaleko zerbitzu teknikotik adierazi dute eraikin zaharra eta babestua izateak esku-hartzea zaildu egiten duela: "Ondare historikoa zaharberritzeko obrek eraikuntza-arauei eta kultura-ondasuna mantentzeko, errespetatzeko eta kontserbatzeko irizpideei erantzun behar diete. Kasuistika berezi horrek areagotu egiten du jardunaren ziurgabetasuna; hasierako aurreikuspenak alda daitezke, babestutako ondasuna denez ezin direlako beste eraikin mota batzuetan egin daitezkeen desmuntatzeak eta eraispenak egin". Horren adibide da obra hasi eta gutxira langileek segurtasun osoz lan egiteko fatxada nagusiko arkua dagokion lekura eroateko zenbait egokitzapen egin beharra.

Berandu hasi, baina "martxan"

Hilerriko ermita berritzeko lanen hasiera atzeratu egin bada ere, Udaletik azpimarratu dute "martxan" dagoela: "Patologiak aurkitu ondoren, jarraipen zehatza egin behar izan da behin betiko irtenbidea emateko. Horretarako, igeltsuzko lekukoak jarri ziren, eta alboko eraikinaren fatxada eta estalkia finkatu ziren... Eta beharrezko informazioa bildu ondoren, proiektua idatzi zen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak