Euskal Herriko Udalen Patzuergoak bihar, 12:00etan, Bergarako Seminarixoan egingo du lau urtean behin egiten duen batzar orokorra. 77 udalek osatzen dute partzuergoa, baina bihar, Dima, Berrobi, Larraun, Izurtza, Markina-Xemein, Mendaro eta Plentzia udalerriak Udalbiltzako kide izatera pasako dira eta 84 kide izatera pasako da.
Era berean, adierazi dute zenbait herrik badutela 2024an Udalbiltzan sartzeko asmoa. Bergarak, esaterako; izan ere, Gorka Artolak Seminarixoan egingo duen hitzartzean, Bergara Udalbiltzan gehitzeko proposamena osoko bilkurara eramateko konpromisoa hartuko du.
Batzarra, bitan banatuta
Irailean Udalbiltzak 25 urte beteko dituenez, ekitaldi izaera izango du batzarrak. Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdik aurreratu du batzarrak bi zati izango dituela. 25. urte beteko dituenez, aitortza egingo zaie 25 urteko ibilbideari eta ibilbide horretan parte izan diren hautetsi, lehendakari, zuzendari eta langile guztiei. "Beste parte bat izango da Udalbiltzak herri honi datozen hilabete eta urteetan egingo dion eskaintza publiko egitea", dio Alberdik. Logoa ere berrituko dutela aurreratu du, eta zapatuan aurkeztuko dituzte irudiak dituen berritasunak.
Datozen erronkak
Udalbiltza 1999ko irailaren 18an sortu zuten, Bilbon, eta bost printzipio oinarrian ekin zioten bideari: EH nazio bat dela aldarrikatzea eta haren egituraketa politikoa eraikitzea; nazio eraikuntza bultzatzea; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, eta nazioartean adieraztea EH nazio berezkoa dela eta hala izan nahi duela. "Udalbiltzaren printzipioetako bat bazen nazio eraikitzeari ekarpena egitea, eta hor burujabetzak bere lekua izan du 1999tik". Azken urteetan ikusi dute Partzuergoko geroz eta udal gehiago daudela egitasmo eraldatzaile eta berritzaileak aurrera eramaten: "Udalbiltzan erabaki zen egitasmo horietan sakondu behar zela".
Horregatik, nabarmendu du bi funtziori, aholkularitzari eta "eskalatzeari", eutsiko dietela. "Aholkularitzan udalen zerbitzura egoten jarraituko dugu. Bidea urratzen lagunduko diegu. Aholkularitza sektoriala eta estrategikoa", azaldu du.
Bigarrena da herrietan egiten ari diren egitasmo horiek beste maila batera eramatea, EH mailan kokatzea: "Herrietan energia komunitateak osatzen ari dira; asko, egituraketa publiko-komunitarioetan oinarrituta. Udal- biltzaren erronketako bat izango da, baina egin diren lan-bilera eta foroetan horrela aditzera eman zaigu. Egitura horiek saretuko ditugu".