Lanean ari dira Bergarako San Pedro elizako organoa berrituta heltzen denerako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 18a, 16:55

Artez estudioko Aiora Elkoro, Aida Paya eta Maite Fernandez

San Pedro elizako 1889ko Stoltz Freres organoa birgaitzeko prozesua "martxa onean" doa. Michael Jaurin organogile frantziarraren Lyongo tailerreko lanez gain, Artez estudioko langileak ere buru-belarri ari dira organoaren kutxa eta hango figurak garbitzeko lanetan.

2021eko uztailean iragarri zuten San Pedro elizako Stoltz Freres organoa zaharberritzeko finantzaketa lortu eta Lyonera (Frantzia) eroango zutela, 2.343 tutuz osatutako pieza baliotsua konpontzeko. 468.103 euroko aurrekontua dute berritze lanek, eta, organo-jole titular Aitor Oleak asteon adierazi duenez, espero dute ekainaren 29ko San Pedro eguneko ospakizunean estreinatu ahal izatea organo berritua: "Azaroan Rontalen [Lyon, Frantzia] egon nintzen, eta organoaren berritzea martxa onean doa; prozesuaren %60 inguru eginda eta ordainduta dago. Birgaitze lanak dira, ez da lan osagarririk egingo; helburua da organoak jatorrian zuen soinua berreskuratzea". Bergaran lehen aldiz 1889ko martxoaren 18an entzun ahal izan zen organoa.

Organo berritua ekainaren 29ko San Pedro eguneko ospakizunean jotzea espero dute

Artez estudiokoak ere lanean

Hodien zati handi bat berreskuratuta eta San Pedro elizako koruan gordeta dago, apirilean Michael Jaurin organogile frantziarrak Lyongo tailerrean pieza guztiak birgaitu ondoren, nazioartean ezaguna den pieza berreraikitzen hasteko zain. Stoltz-Freres organo handi bakarra da, haren jatorrizko egoeratik gertuen dagoena mundu osoan; dituen soinu ezaugarriak bakarrak dira, interpreteek asko estimatzen dituztenak.

Lyongo lanekin batera, Artez zaharberritze estudioko langileak ere buru-belarri dabiltza organoaren kutxa eta haren gainean dauden figurak garbitzeko lanetan, eta sorpresa berezi bat topatu dute. "Aldamioa jarri eta sei metrora lanean jarri garenean deskubritu dugu Santa Ageda zela uste zena Ama Birjina zela; izan ere, atzean Jesus haurtxoa topatu dugu lagata", dio Maite Fernandezek. Figura horiek organoaren kutxa muntatu ostean jarri ziren eta Fernandezek ziurtatu du behin organo berritua muntatzen denean figura haiek euren lekura itzuliko direla.

Artez estudioko langileak figurak garbitzen, San Pedro elizako aldamioan.

Askotariko lanak aldamiora igota

Artez estudioko Maite Fernandez, Aiora Elkoro eta Aida Paya joan den astean hasi ziren San Pedro elizako koruan jarrita dagoen aldamio gainean lanean, kutxa eta han XVII. mendetik – aurreko organoaren garaitik– dauden figurak garbitzen: "Figura horiek organoaren parte dira eta hala izaten jarraituko du organo konpondua jartzen dutenean ere", dio Fernandezek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak