Urtea hastearekin batera hartu du Agurne Barruso Lazkano bergararrak Ikastolen Elkarteko zuzendari izateko kargua. Ikastolen Elkarteko Artekaritza Kontseiluak pasa den irailean izendatu zuen zuzendari, baina trantsizio aldian izan dira udazkenean zehar Jose Luis Sukia zuzendari ohia eta biak. Hain justu, azken zazpi urteotan, Gasteizko Armentia ikastolako zuzendari izan da bergararra.
Barrusok adierazi duenez, "ilusioz" heldu dio karguari, baina aitortu du "erantzukizun handia ere badela". Nolanahi ere, "motibatu" egiten dute erronkek, eta "are gehiago lan talde eta zuzendaritza nahiz artekaritza sendoak edukita inguruan". "Uneotan mugimendu bizia da ikastolena, aktiboa, eragilea… Ongi kokatuta gaude hezkuntza sisteman eta gizartean, eta etorkizun handiko proiektua gara".
Une "interesgarria"
Horrez gain, unea "interesgarria" dela azaldu du bergararrak: alde batetik, pedagogia alorrean aurkeztu den Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berriaren hedapena egiten hasi direlako; eta, bestetik, Ikastolen VII. Batzarra egingo delako ikasturtearen amaieran. Zehaztu duenez, batzar horretan landu eta bozkatuko diren dokumentuak lantzen aritu dira orain arte, baina amaitzear dira lana: "Otsailaren amaieran hasiko dugu eztabaida prozesua ikastolekin, haiei aurkeztuko diegu egindako lana eta guztion ekarpen eta zuzenketekin landuko dugu zazpigarren batzarrera eramango dugun behin betiko proposamena". Haren arabera, batzarra izango da "ikastolen ildo estrategikoak" markatuko dituen abiapuntua. "Azken batean, hurrengo hamarraldirako gure proposamena landu behar dugu".
Ibilbide politikoa
Euskal Filologian lizentziaduna da Barruso eta parte-hartze teknikaria profesioz, Elhuyar Aholkularitzan aritua. 2007-2011 urteen artean, ordea, Bergarako alkate izan zen EAE-ANV taldetik, eta 2015ean berriro aurkeztu zen, EH Bildutik; hala ere, ordu hartan, alderdiak ez zuen alkatetza eskuratu.
Horrez gain, ordea, Gipuzkoako politikagintzan ere badu ibilbidea: 2013an, herritarren parte-hartze teknikaria zela, Martin Garitano orduko Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabinete buru izendatu zuten.