Miren Txurruka: "Urteotan egindakoaren emaitza da Kontseilua"

Julen Murua Mesonero 2024ko urt. 15a, 16:46

Miren Txurruka, Mugimendu Sozialistako kidea.

Abenduaren 16an aurkeztu zuten eratu berri den Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, Eibarko Astelena pilotalekuan, eta 30ean egin zuten eskualde mailako aurkezpena, Arrasaten. Horren harira, Miren Txurruka (Bergara, 1998) Mugimendu Sozialistako kidearekin egin du hitzordua GOIENAk, kontseiluaren eraketaren inguruan hitz egiteko eta Debagoienean Mugimendu Sozialistaren egoera zein den ezagutzeko.

Zer balorazio egiten duzue aurkezpen egunaz?

Oso balorazio positiboa egiten dugu. Jende aldetik zein eduki aldetik oso-oso indartsua izan zen aurkezpena. Era berean, balorazio positiboa egiten dugu ikusten delako orain arte egindako lanak zer-nolako emaitza eman duen. Ez da hutsetik eginiko aurkezpen bat. Mugimendu Sozialistak badauzka urte batzuk, eta orain arte zeuden kontseiluen aurrerapauso bat da.

Mugimendu Sozialistak egin duen beste urrats baten inguruan ari gara, beraz.

Bai, hori da. Erreferentziazko antolakunde baten sorrera da.

Zerk bultzatu zaituzte Kontseilu Sozialista eratzera?

Gaur egungo testuinguruak. Krisi egoera bat da, langileriaren antolakuntzaren forma independenterik gabea, langileen interesak defendatzen dituen alderdi politikorik gabea. Horrez gain, aurrerapauso hau ematearen zergatia ere bada orain arte Mugimendu Sozialistan egon diren lerro ezberdinetatik harago joan nahi izatea, eta, horretarako, antolakunde integral bat sortzeko beharra ikusi genuen.

Zeintzuk dira egin nahi dituzuen lehenengo urratsak?

Estatu Sozialistaren eraikuntzaren bidean, baliabide ideologikoak eta politikoak jartzen ditugu, eta, horretarako, norabide estrategiko bat diseinatu dugu. Hain zuzen ere, zazpi puntuz osatutako proposamen politiko bat egin dugu, gai hauek lantzeko: gerra inperialistaren aurka egitea, faxismoaren aurka agertzea, kalitatezko bizi baldintza unibertsalak aldarrikatzea, ekosistemen suntsiketaren aurrean txikizioa gelditzea, estatu zapaltzaileen aurrean autodeterminazioa eskatzea euskal langileriarentzat, emakume langileak lehen lerroan izatea eta langileriaren militante politikoentzat amnistia eta aitortza eskatzea.

Zein da Mugimendu Sozialistaren egoera bailaran?

Handitzen doa sortu zen unetik. Gaur egun, bailarako herri guztietan dago militantzia. Nik urte batzuk daramatzat eta ikusi dut nola joan den jendea batzen. Mugimendu Sozialista gehienbat gaztez osatutako mugimendu bat da, baina Kontseilu Sozialista ezberdina da; izan ere, belaunaldien arteko oztopoa gainditzen du eta belaunaldi askotariko jendeak militatzeko toki bat da, ez bakarrik gazteek.

Besteak beste, Guda Zelaia izeneko jardunaldiak antolatu dituzue bailaran; zein helbururekin?

Guda Zelaia antolatzen dugun hirugarren urtea da. Orain dela urte batzuk sortu zen Ekida – Mugimendu Sozialistaren baitan sortutako kultur taldea–, eta kultura zein arte sorkuntza izan dira, alde batetik, hausnarketarako puntu eta, beste alde batetik, klase borroka islatzeko elementuak. Horri erantzuten, eskaintzen dugu aukera bat kulturaren inguruko hausnarketak emateko.

Aurrerantzean, zer?

Kontseilu Sozialista sortu da eta Euskal Herri mailan eragiteko asmoa dauka. Urte amaieran egin genituen herrietako aurkezpenetan azaldu genuen, alde batetik, zazpi puntuen proposamen politikoa, baina, beste alde batetik, hitz egin zuten bailaran dauden lan-lerroetako kideek: etxebizitza sindikatuko, laneko autodefentsa sareko eta kontseiluko kide banak. Etorkizunera begira, kontseilura batzeko gonbita luzatu nahi diegu antolatzeko interesa duten pertsonei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak