Profesionalen jakintza eta gazteen ilusioa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko urt. 12a, 16:05

Maitane Suinaga, Unai Urretxo, Beñat Askargorta eta Lander Mujika, EGOren neguko topaketan. Argazkia: Beñat Askargorta.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Gabonetan egin dituen topaketetan izan dira Bergarako Musika Eskolako Maitane Suinaga, Beñat Askargorta eta Lander Mujika biolin-joleak; Unai Urretxo arrasatearraren zuzendaritzapean, lau kontzertu egin dituzte.

Tolosan egin zuen, abenduaren 30ean, Neguko Topaketaren baitan, Euskal Herriko Gazte Orkestrak lehen kontzertua, eta segidan gero beste hiru, Donostian, Gasteizen eta Bilbon, hurrenez hurren. Rossini konpositore italiarraren Obertura La gazza ladra eta Brahms musikari alemaniarraren 4. Sinfonia interpretatu zituzten.

Bergarako Musika Eskolako Beñat Askargorta, Maitane Suinaga eta Lander Mujika izan ziren EGOren formazio berrian, eta, aurrez EGOren ekimenetan parte hartutakoak badira ere, hirurek diote "beste behin ere esperientzia aberasgarria" izan dela. "Udako topaketan ez moduan, lehenengo biolin moduan jotzea proposatu zidaten, eta asko aldatu du nire bizipena horrek", dio Askargortak. Eta zera gaineratu du Mujikak: "Oparia izan da; ikaragarria da EGOk duen maila, eta oso eskertuta nago emandako aukeragatik. Programa paregabea izan dugu". Eta bide beretik erantzun du Suinagak: "Zaletasun bera duten gazteekin lan egitea izugarria da eta asko ikasten dugu elkarrekin".

Unai Urretxoren gidaritzapean

Hego Koreako Suwon Unibertsitateko orkestrako zuzendaria da Unai Urretxo arrasatearra gaur egun, baina ondo gogoratzen ditu EGOren hastapenetan, 1997an, gazte orkestrarekin bizitakoak; hala, "pozik" hartu zuen neguko topaketetan zuzendari lanak egiteko gonbidapena. "Kontzertuetan erakutsitako emaitzarekin gustura nago, baina garrantzitsuagoa da, nire ustez, halako ekimenetatik geratzen diren bizipenak; izan ere, poztekoa izan da taldean Bergarako hiru musikari izatea. Oso ondo moldatu gara elkarrekin, jatorrak eta langileak dira".

Musikariek ere estimu handian dute Urretxo, eta eskertuta daude EGOk eman dien elkar ezagutzeko aukeragatik. "Plazera izan da harekin lan egitea. Oso alaia eta gertukoa da, eta zuzendari moduan, hamarrekoa. Betirako gogoan izango dugun orkestra zuzendaria da, duda barik", dio Askargortak. "Asko daki, izugarri maite du musika, eta haren pasioa guri transmititzea lortu du. Harekin lan egitea oso erraza izan da", dio Suinagak. Eta zera Mujikak: "Oso berezia izan da, ondoko herrikoa izanda ere, Hego Korean duen bizimodua eta anekdota pila bat kontatu dizkigulako. Garrantzitsuena transmititzen zigun poza dela iruditzen zait, eta haren zuzentzeko modua ere oso berezia da. Eskerrik asko EGOri, Unai ezagutzeko aukera emateagatik".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak