Baserrien arkitektura batzen duen bilduma

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko urt. 12a, 18:30

Bergarako Elkorobarrutia baserria. Argazkia: Eneko Azkarate.

Luis alberdi Sudupe azkoitiarrak gipuzkoako baserrien arkitekturaren eboluzioa aztertzen duen liburua kaleratu du. XVi. mendeko eta barroko estiloa duen bergarako Elkorobarrutia da liburuko adibideetako bat; bailaran, ordea, badira adibide gehiago

Arquitectura del Caserío en Gipuzkoa du izena azkoitiarrak kaleratu duen liburuak, baserriaren eboluzioari buruzko historia lantzen duena. Gipuzkoako baserri ugari batzen ditu liburuan eboluzio horren adibide gisa, eta, tartean, Bergaran kokatuta Elkorobarrutia baserria ageri da. "Baserria XVI. mendekoa da, seguruenik, baina, dokumentuetan ageri denez, 1657 eta 1659 urteen bitartean, orduan Bergarako alkatea zen Martin Perez Elkorobarrutia bizi izan zen han", dio Alberdik. Baserriek jasan zuten aldaketa nabarmen ageri da Bergarakoan; egiturari erreparatuz gero, azkoitiarrak dio gaur egun duen harrizko aurrealdea "XVII. mendekoa" dela eta, ziur asko, aurretik aurrealdea "zurezkoa" izango zela.

Baserri aurreko San Esteban ermita.

Baserriaren arkitekturari erreparatuta, beste gauza esanguratsu bat ere badu: aurrealdean dituen arkuak. "Orduko alkateak baserria berritu, eta barroko estiloko hiru arku horiek jarri zizkion. Horrez gainera, aurrealdean duen armarria eta baserriaren parean dagoen ermita ere hark egin zituen. Zenbat eta diru gehiago eduki, orduan eta arku gehiago eta armarri handiagoak izaten zituzten baserriek". Bergarakoa da liburuan jasotzen den adibide bakarra, baina, Luis Alberdik dioenez, Debagoienean mota horretako asko daude; besteak beste, Bergaran bertan Eduegi baserria eta Antzuolako Lapatza aipatu ditu azkoitiarrak. Gainera, azpimarratu du baserriaren aurrealdean arkua duten baserri "gehienak" Debagoienean daudela kokatuta, eta, batez ere, Bergara inguruetan daudela horietako asko.

Aurrealdeko armarria.

Bizitza osoko lana

Alberdik urte luzez egindako lana batzen du liburuak. "Ia bizitza osoko lana da. Baserri zaharrek atentzioa ematen zidaten eta haiek marrazten hasi nintzen, Azkoitikoak. Ondoren, Arkitektura ikasketak egin nituen eta metodologia batekin Gipuzkoa osoko baserriak aztertzen aritu nintzen. Esku artean nuen informazio guztia laburbiltzeko modua izan da liburu hau", dio azkoitiarrak.

Ikertzailearen esanetan, XIII. mendekoak dira baserriei buruzko "lehen dokumentuak", baina baserri bezala XV. mendetik aurrera ezagutzen direla azpimarratu du. Lehengo baserri ia guztiak "egurrezkoak" zirela aitortu du Alberdik, egitura zein aurrealdea zurezkoak ziren, eta, barruko egiturari erreparatuz, "baserri guztia" okupatzen zuen dolarea edukitzen zutela dio. XVI. mendetik aurrera, berriz, harriak egurra ordezkatu zuen, eta hura izan zen baserriek izan zuten aldaketarik nabarmenena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak