Miren Elorza Sanz: "Finala galdu arren, harro nago egindako lanarekin"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urt. 12a, 07:36

Miren Elorza, gola egitear, Andaluziaren aurkako finalean. Argazkia: Lola Jimenez.

Euskal selekzioarekin lehen esperientzia bizi izan du Miren Elorzak (Bergara, 2007) Blanesen (Girona, Katalunia) jokatu den selekzio autonomikoen txapelketan, eta nekez ahaztuko du. Gazte mailan lehiatu da Elorza, eta, finalean Andaluziaren aurka 33-29 galdu ostean, zilarrezko dominarekin itzuli da Bergarara.

Gazte mailako euskal selekzioarekin joan den debagoiendar bakarra izan da bergararra, eta maila oso ona erakutsi du: "Oparia izan da niretzat, asko ikasi dut". Luze eta zabal egin du berba GOIENArekin.

Nolako bizipena izan da selekzio autonomikoen txapelketa?

Oparia izan da niretzat. Duela hilabete batzuk esan izan bazenit euskal selekzioarekin txapelketa hau jokatuko nuela, ez nizukeen sinistuko. Final bat galtzeak sentsazio arraroa uzten du, baina, atzera begiratuta, oso harro eta eskertuta nago han egoteko aukera izateagatik.

Nola joan zen txapelketa?

Sei partidu jokatu genituen eta Andaluziaren aurka bakarrik galdu genuen, lehen partidua eta finala. Katalunia, Madril, Galizia eta Valentzia menderatzea lortu genuen, baina Andaluziakoa oso talde gogorra da, jokalari askotxo dituzte Espainiako selekzioan. Sekulako kalitatea dute, eta nabaritu egin zen; hala ere, bereziki finalean, zail jarri genien garaipena.

Finalak irabazteko jokatzen direla esan ohi da...

Halaxe da, bai. Denok joan ginen urrezko domina lortzeko helburuarekin, baina esango nuke txapelketa hasi aurretik selekzioko jokalari guztiok sinatuko genuela zilarrezko domina. Gure eskuetan zegoena egin genuen finala ere irabazteko, baina ez zen posible izan; hala ere, oso pozik eta harro gaude egindako lanarekin.

Taldea oso ondo, baina baita zu ere, ala? Pozik zeure buruarekin?

Oso pozik nago, bai. Gazte mailako lehen urtekoa naizenez, bazeuden urtebete nagusiagoak; pisu handiena eurek hartu zuten, neurri handi batean, baina gustura nago nire lanarekin. Eta, eskubaloiaz harago, sekulako esperientzia izan da. Jende berri asko ezagutu dut, harreman berriak egin ditut, kirolaren balioetan sakontzeko aukera izan dut... Ezin daiteke gehiagorik eskatu.

"Eskubaloiaz harago, sekulako esperientzia izan da; ezin daiteke gehiago eskatu"

Babesik ere ez zitzaizuen falta izan...

Itzela izan zen. Gurasoak, lagunak... Babes handia sentitu genuen harmailetatik. Egia esateko, animo horiek behar-beharrezkoak izan ziren lorpenerako.

Txapelketa autonomikoa ondo prestatu duzue, ezta?

Maiatzean hasi ginen lehen entrenamenduekin eta udan teknifikazio campus bat izan genuen. Irailetik abendura buru-belarri entrenatu gara txapelketarako.

Bergaran ere ondo doaz gauzak.

Bai; Gipuzkoako Ligako liderrak gara gazte mailan. Oraindik partidu batzuk falta zaizkigu, baina espero dugu Euskal Ligara igo ahal izatea; taldea oso motibatuta ikusten dut eta hori oso garrantzitsua izango da gure helburua lortzeko.

Eskubaloian gero eta neska gehiago zaudete; zer ari da gertatzen?

Sekulako bilakaera nabaritu dut hasi nintzenetik gaur egunera. Ni hasi nintzenean baino askoz neska gehiago dabil eskubaloian; bereziki, eskubaloi eskolan. Ilusio handiarekin ari dira, taldea sortzeko asmoarekin. Horrez gain, klubak helburu moduan zehaztu du senior mailako nesken taldea sortzea, urte luzez ez da-eta egon. Lagata zuten jokalari batzuk konbentzitu ditugu itzultzeko, eta, beraz, espero dugu helburua lortzea. Edozein neskari gomendatuko nioke kirola probatzeko; eta, bereziki, eskubaloia. Niri asko ematen dit; familia bat osatzea, balioak, estresa askatzeko modua...

Eskubaloia, musika, ikasketak... Agenda betea duzu, ala?

Saltsa asko dira eta ezinbestekoa da ondo antolatzea. Baina bai, ez gara aspertzen.

Ezer gaineratu nahiko zenuke?

Eskerrak klubari eta taldekideei beti eman didaten babesagatik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak