Bergarako Udalak eta herriko Elikadura mahaia osatzen duten hainbat eragilek gaur goizean aurkeztu dute datorren urteko udaberrian, aurreikuspenen arabera apirila aldera zabalik egongo den Elikaenea egitasmoa.
Ainhoa Lete alkateordeak azaldu duenez, badira hilabete batzuk Oxirondo azokan eraberritze lanetan dabiltzala: "Maiatzaren hasieran hasi ziren lanak, aspalditik ikusten zelako berau eraberritzeko beharra, eta herrian nahiko zabalduta dago azoka bera gainbeheran dagoen iritzia". Horren aurrean, bi lan-ildotan lanean ibili direla gaineratu d: batetik, azoka eraberritzen; eta bestetik, azoka biziberritzeko egitasmo bat lantzen.
Eraberritze lanen obra zibila bukatuta dagoen arren, espazio berriaren hornitze lanek eta hirugarren fase batean egin gura den azokaren ezkerralderako planteatzen den itxura-aldatzeak ekarriko dute udaberrira arte luzatzea Elikaenea egitasmoa martxan jartzea.
"Espazio erreferente"
Elikaenea egitasmoari dagokionez, Bergarako Elikagai Mahaia azken bi urteetan egon da berau lantzen. "Jasangarritasunari, lehen sektoreari, elikadura osasuntsuari… Gure gizartean dauzkagun hainbat erronkari erantzun gura dion baliabide bat bezala planteatzen dugu egitasmoa, beti ere, tokiko garapenetik. Herriko eragile ezberdinen konpromisoari eta lanari esker izan da guztia".
Azokaren beheko solairuaren eremu zabal bat hartuko du Elikaeneak, ohiko postu finkoen ondoan. Bertan, besteak beste, sukalde komunitario bat eta denda bat egongo dira bertako ekoizleen produktuak erosi ahal izateko. Tokia guztiz prest dagoenean, gainera, elikaduraren eta sukaldearen inguruko herri mailako elkargunea ere jarriko da martxan.
Herrian espazio erreferente bat izatea nahi dutela azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek, eta elikadura burujabetza eta bertako produktuak oinarri hartuta, "azoka garaikidearen" kontzeptuari heldu nahi zaiola, "baserritarren produktuak lehen lerroan eskuragarri jarriz, ordutegi malguaz, kalitatezko eta konfiantzazko jakiak eskura ipiniz, sentsibilizazio jarduerak antolatuz, zein jantokien horniketa aukerak landuz".
Era berean, egitasmoa gorpuztu asmoz Udala eta Ereindajan elkarlanerako hitzarmena fintzen dabiltzala ere aurreratu dute.