40 urte horietako euskalgintzak eman zuena jasotzen da bertan; protagonista izan zirenen testigantzak, argazki eta irudi asko. Izotz ondoko eguzki, Bergarako euskararen historia soziala (1940-1980) liburua udaletxean dago erosgai, eta Durangoko Azokan ere egongo da, Badiharduguren stand-ean.
Proiektu oso baten parte da atzo aurkeztutako liburua. Bergaran, euskararen historia soziala (1940-1980) kontatzea helburu duen egitasmoaren parte, hain justu ere. Iazko azaroan, gaiaren gaineko ikus-entzunezko bat argitaratu zen, eta erakusketa ere antolatu zen Aroztegi aretoan. Orain, ordukoa liburuan jasota geratu da, edonork etxean izateko moduan.
Iragana ezagutu, aurrera egiteko
"Nondik gatozen jakitea ezinbestekoa da, nola aurrera egin jakiteko", esanez hasi zuen atzoko aurkezpena Gorka Artolak, Bergarako alkateak. "Izotzak estali zuen gure Euskal Herria, euskara izozturik geratu zen, etxera zokoraturik. Baina etorri zen eguzkia, eta liburuan, esperantza izan zirenen esperientziak jasotzen dira. Gaur egun ere, euskara bidegurutzean da eta badaude izozteko saiakerak, baina, zuek egindako horretatik ikasita, jakingo dugu aurrera nola egin", erantsi zuen.
Euskara zinegotzi Eider Usobiagak ere hartu zuen parte ekitaldian eta proiektua bultzatzen aritu den talde eragileko kideak –Juan Martin Elexpuru, Jerardo Elortza, Jaione Isazelaia, Anaje Narbaiza, Arantzazu Oregi, Eneko Oregi eta Estepan Plazaola– zoriondu eta eskertu gura izan zituen. Gaineratu zuen, aurrera begira ekimenak segida izango duela eta aztertzeko falta den garaia, 1980tik aurrerakoa, ikertzea dela udalaren asmoa. "Une honetan aztertzen ari gara zelan egin, agian garaiak murriztuta eta ikergai desberdinen bitartez, lehiaketa formatuan proposatuko dugu atal horren azterketa. Guretako gaia oso inportantea da, estrategikoa, eta jarraituko dugu aro guztiak jasota geratu arte", azaldu zuen.
Euskalduntze prozesua, jasota
Aipatu bezala, Idoia Etxeberriak idatzi du liburua eta bertan jasotzen dira gerra osteko egoera eta euskalduntze prozesua, aro desberdinetan egindako lana eta horrek egoera soziolinguistikoan izandako eragina, baita, aisialdi, kultur zein ikasketa prozesuetara bideratutako egituren –Haur Eskola, Ikastola, UNED– gainekoak ere: "1960ko hamarkada hazia ereiteko garaia izan zen eta 1970ean eztanda egin zuen horrek. Hor sortu ziren Ernai antzerki taldea, Urretxindorrak eta Ameslariak musika taldeak, Olentzero ere irten zen lehen aldiz, Pol-Pol euskarazko aisialdi taldea... Horrek guztiak testuinguru bat ere izan zuen, Euskal Herri mailan ari baitzen euskalgintza biziberritzen: Ikastolak, Ez dok Amairu... Argazki eta irudi asko erabili ditugu, herritarrendako irakurterraza izatea zen helburua, eta ikastetxeetarako ere erabilgarri da", azaldu zuen Etxeberriak.