Euskara neguko ilunetik argitzen hasi zenekoa

Eneko Azkarate Laspiur 2023ko abe. 1a, 09:00

'Izotz ondoko eguzki. Bergarako euskararen historia soziala (1940-1980)' liburua.

"Negua luzea izan zen euskararentzat, gogorra izotzaldia. Halako batean, eguzki-printzak agertu ziren...". Hala irakur daiteke Bergarako Udalak eta Badiharduguk ondu duten liburuaren –Izotz ondoko eguzki– atzeko aldean.

1936ko Gerra osteko Bergarako historia soziala jasotzen duen liburua, Izotz ondoko eguzki izenburua duena, aurkeztuko dute gaur, egubakoitza, Bergarako udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan. 19:00etan izango da, eta bertan izango da liburuaren egilea, Idoia Etxeberria (Oñati, 1977), Badihardugu elkarteko kidea, eta, harekin batera, Eider Usobiaga Euskara batzordeburua eta Gorka Artola alkatea.

Proiektu oso baten parte

Proiektu oso baten parte da orain argitara eman den liburua. Bergaran, euskararen historia soziala (1940-1980) kontatzea helburu duen egitasmoa, hain justu ere. Iazko azaroan, gaiaren gaineko ikus-entzunezko bat argitaratu zen, eta erakusketa antolatu zen Aroztegi aretoan. "Egitasmoari 2020an ekin zitzaion. Urte horretan, herriko hainbat lagunez osatutako Batzorde Eragile bat eratu zen, eta Badihardugu elkartearekin hitzarmena egin zen gaia lantzeko. Lehenengo fasean, Gerraosteko euskalgintza aztertu da, 1940tik 1980rako tartean. Garai horretako mugimenduaren lekuko eta partaide izan ziren 33 lekuko elkarrizketatu dira, eta horien lekukotzak Ahotsak.eus webgunean jasota daude. Jasotako eduki hori plazaratzeko, hainbat bide erabili ziren 2022an: erakusketa, bideoa, hitzaldiak…". Estepan Plazaola Bergarako Udaleko euskara teknikariaren berbak dira. "Aurten, orain arte jasotako edukia zabaltzeko beste euskarri bat erabili dugu: liburua", gehitu du Plazaolak.

Idoia Etxeberriak idatzi du, Batzorde Eragileko zenbait kideren laguntzarekin. Egileak zera dio proiektuaren gainean: "Harrigarria eta txalogarria da Bergaran 1960ko eta 1970eko hamarkadetan euskararen alde zer nolako mugimendua egon zen ikustea". Eta zera gehitu du: "Gerraosteko mugimenduak eta lanak behar bezala jaso gabe zeuden, 50-80 hamarkaden bitartekoak, eta horixe da Badihardugu elkarteari eskatu ziona: hainbat alorretako pertsonak, protagonistak, elkarrizketatu, eta testigantzak lantzea, ondoren ezagutzera emateko".

Liburuan agertzen den Ameslariak taldea, 1960ko hamarkadaren bigarren zatian nabarmendu zen.

Eskoletan erabiltzeko

Gaur aurkezten den eta dagoeneko Bergarako udaletxean salgai dagoen –10 euroren truke– liburuak proiektuari egiten dion ekarpenaren gainean galdetuta, zera erantzun du Etxeberriak: "Zerbait dibulgatiboa egin nahi genuen, argazki eta irudi askorekin, herritar guztientzat erakargarria izango zena eta herriko historia ezagutarazteko aukera emango duena. Esku artean hartu daitekeen zerbait, nahi bestetan begiratzeko modukoa. Ikastetxeetan ere erabiltzeko modukoa, bideoarekin batera". Durangoko Azokan egongo da, Badihardugu elkartearen txokoan.

Aurrera begira

Proiektua ez da hemen geratuko. Aurrera begira, badago asmoa oraindik lekukotza gehiago ere jasotzeko. Era berean, orain arteko edukia zabaltzeko, "bideo tematikoak, arlo jakin bati buruzkoak, adibidez, kantagintzari buruzkoak, sortzea" ere aurreikusten dela aurreratu du Estepan Plazaolak. Horretaz gain, "beste garai batzuetako historia soziala lantzeko ikerlanak ere bultzatuko" direla esan du.

Liburua idatzi eta forma emateko ardura Idoia Etxeberriak izan du, baina "elkarlanean egindako lana" dela dio oñatiarrak. "Zazpi pertsonaren laguntza izan dut: Juan Martin Elexpuru, Jerardo Elortza, Jaione Isazelaia, Anaje Narbaiza, Arantzazu Oregi, Eneko Oregi eta Estepan Plazaola", amaitu du. 

Iazko Aroztegiko erakusketan bezala, gaur batuko dira liburuko hainbat protagonista udaletxeko aurkezpenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak