Musika jarriko die Bergarako Bandak Urretxindorraken txioei

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 24a, 09:43

Urretxindorrak taldea 1969an Bergarako Pilotalekuan eskainitako emanaldi batean. (Argazkia: Roman Larrañaga, Bergarako artxiboa).

Santa Zeziliako kontzertua emango du Bergarako Musika Bandak domekan, Udal Pilotalekuan, 12:30ean hasita, eta lehen aldiz joko dute Enrike txurruka zuzendariak egin duen Urretxindorrak talde bergararraren abestien moldaketa.

Bergarako Musika Bandak domekan eskainiko du Santa Zeziliako kontzertua eta lehen aldiz joko dute Enrike Txurruka zuzendariak eginiko Urretxindorrak talde bergararraren abestien moldaketa. Julio Unamuno, Gotzon Bikuña, Juan Mari Narbaez eta 2005ean zendutako Raul Calvo bergararrek osatzen zuten taldea, eta martitzenean izan zuten "sorpresa itzelaren" berri: "Guretzat ohore handia da horrelako gauza bat herriko bandak egitea. Eskerrak eman besterik ez. Duela 57 urte hasi ginen kantuan eta gurekin gogoratzea banda, konkretuki Enrike Txurruka, guretzat pozgarria eta polita da", dio Gotzon Bikuñak.

Enrike Txurruka, Bergarako Musika Bandako zuzendaria: "Urretxindorrak taldearen herrigintza lana eredu da guretzat"

Txurrukaren esanetan, ez dira euskal kanta edo taldeen moldaketa asko bandarako eskuragarri, eta "aspaldian" euren ekarpena egin nahian dabiltza: "Alfredok ere egiten zituen, eta ni ere saiatzen naiz alor hori indartzen. Moldatu izan ditugu Su Ta Gar, Berri Txarrak, Itoiz, Ruper, ZETAK... Urretxindorrak egiteke genuen. Ez zuten meritu makala izan, sasoi zail hartan euskaraz abestea erabakitzean. Lan handia egin zuten eta hainbat abesti euskal kantutegi herrikoian geratu dira. Egin zaizkie omenaldiak eta guk ere gurea egingo diegu. Beraien herrigintza lana eredu da guretzat, eta gu ere horretan saiatzen gara". Bikuñari Txurrukak dioena helarazita, hauxe esan du: "Potentea da hori e..." .

Dozena bat abesti

Oraindik ez du Txurrukarekin egoteko nahiz moldaketa entzuteko aukerarik izan. "Popurri bat" dela daki soilik eta Txurrukak ez du aurreratu ze aukeraketa egin duen. Hala ere, asmoa hiruzpalau abestiren moldaketa egitea bazuen ere, dozena bat sartu ditu: "Antzeko erritmodunak bata bestearen ondoren jarri ditut jarraipen musikala egon dadin. Baina, gero, oso moldaketa libreak egin ditut, bai erritmoan, bai harmonian. Espero dut eurak ez beldurtzea".

Gotzon Bikuña, Urretxindorrak: "Guretzat ohorea da horrelako gauza bat egitea herriko bandak"

Urretxindorrakeko kideari moldaketa zein abestik osatu nahiko lukeen galdetuta azaldu du kontu bat dela berak zeintzuk nahiko lituzkeen, eta beste bat dela bandarako zeintzuk egokitu daitezkeen: "Niri, adibidez, oso abesti melodikoak gustatzen zaizkit, baina iruditzen zait horiek ez direla banda batek jotzeko modukoak. Bandako zuzendariak berak topatu behar ditu bandara moldatzeko kantuak. Enrike ezagututa, ziur ondo egin duela; artista bat da". Ia beti joan ohi da bandaren kontzertuetara, eta oraingo honetan ez du hutsik egingo, ezta bere taldekideek ere.

Domekan ikusiko da

Talde batek baino gehiagok egin ditu Urretxindorraken abestien bertsio eta moldaketak. Horren adibide da 2016an, taldearen 50. urteurrenean, esaterako, Bergarako talde ezberdinek egin zieten omenaldia. Domekarako kontzertura begira, "poza eta urduritasuna" sentitzen ditu Bikuñak, ordura arte ez baitu jakingo nola entzungo diren euren abestiak bandako instrumentuen erritmora: "Momentuz, nire buruan ez dut imajinatzen nahasketa horiek nolakoak izango diren".

Atzera begira

1966an egin zuen lehen kantaldia talde bergararrak, eta euskal kulturaren eta folklorearen loraldiaren sasoian paper garrantzitsua izan zuten, Frankismoaren garaiko zentsurari aurre egin nahian: "Gu garai gogorretakoak gara, zentsura zegoenekoak". Adierazi du jaialdien aurretik antolatzaileek esaten zietela zer abestu eta zer ez, eta Aitorren hizkuntz zaharra kantuarekin izandako anekdota bat ere kontatu du: "Grabable, pero no radiable zela esan ziguten. Grabatu genezakeen, baina ezin genuen irratietan jarri. Horrelakoak gaur egun ezin dira burutik pasa ere egin".

Duela 50 urte desegin zen Urretxindorrak, eta euskal kantagintzaren bilakaeraz galdetuta, Bikuñak dio kalitatea beti topatu izan dela, baina orduan oinarrizkoak zirela abestiek helarazten zituzten mezuak.

Domekako kontzertuko egitaraua

Hilaren 26an, domeka, izango da Bergarako Musika Bandaren Santa Zeziliako kontzertua Udal Pilotalekuan, 12:30ean; baina eguraldiak laguntzen badu, aurrez, 11:00etan hasita, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar. Behin frontoian, bost pieza interpretatuko dituzte. Honakoa da prestatu duten egitaraua: Oscar Navarroren Andrés Contrabandista, gaur egungo pasodoble bat "ukitu oso berritzaileekin"; Jose Maria Usandizaga donostiarraren Las Golondrinas zarzuelako Pantomima; Ed Huckeby estatubatuarraren By the rivers of Babylon obra erritmikoa; Hans van der Heidenek egindako Indiana Jones selection, film horretarako John Williamsen soinu bandaren moldaketa; eta, azkenik, Enrike Txurruka bandako zuzendariak egindako Urrentxindorrak Bergarako taldearen abestien moldaketa.

Bergarako Musika banda frontoian emandako kontzertu batean. (Argazkia: GOIENA).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak