Fernando Cobos: "Presio gabe noa, baina gauzak ondo egitera"

Xabier Urtzelai 2023ko aza. 17a, 18:11

Fernando Cobos eta Luko, iaz lortutako zilarrezko dominarekin.

Datorren astean Sorian egingo duten Munduko Mushing Txapelketan lehiatuko da 'Luko' txakurrarekin; bergararrak lehiakide gazteagoekin neurtu beharko ditu indarrak.

Iazko maiatzean Britainia Handian bigarren postuan sailkatu ondoren aurtengo Munduko Txapelketan lehenengo koskagatik borrokatzeko gogoz zegoen Fernando Cobos (Bergara, 1959). Eta hain justu, inoiz baino gertuago izango dute hitzordua, datorren astean antolatuko dute eta Olvegan (Soria) nazioarteko hitzordua. Baina, 59 urtetik gorako kategoria kendu egin dute, eta, eguaztenean lehiakide dezente gazteagoekin neurtu beharko ditu indarrak.

Etxerako lanak eginda daude?

Bai. Udan mendi lasterketa batzuk egin nituen sasoian mantentzen laguntzen didatelako, gehienez 20 kilometrotako lasterketak egiten ditut, eta abuztutik aurrera hasi nintzen Munduko Txapelketara begirako entrenamendu espezifikoak egiten. Luko ere oso sasoi onean dago, Munduko Txapelketarako gertu gaude.

'Luko'-rendako ere ez esperientzia berria...

Ez, aurreko Munduko Txapelketa ere harekin egin nuen. Lau urte dituen txakurra da Luko. Oker gazteagoa da eta ordezko txakurra da. Entrenamenduak biekin egiten ditut batera, baina lasterketetan Luko etortzen da nirekin.

Lastima, zure kategoriaz kanpo ibiliko zara...

Pena da, bai. Iaz bigarren sailkatu nintzen eta banuen lehenengo postuagatik lehiatzeko gogoa. Espainiako Kopako probatan lehiatzen naizenean, esaterako, ohituta nago 39 urtez gorakoekin lehiatzera, baina nire kategoria 59 urtetik gorakoena da, eta Sorian ez da egongo halakorik. Munduko Txapelketa Espainiako federazioarekin jokatuko dugu, eta nagusiagoa banaiz ere taldean sartu naute; noski, adin tartea igarri egiten da, alde handia dago

Podiuma garestiago dago orain.

Zalantza barik. Bestalde, lasterketara askoz presio gutxiagorekin joango naiz. Baina saio ona egin nahi dut, ea aurrealdean ibil naitekeen.

Entrenamenduetan, txakurrei lotuta egiten duzu korrika?

Ez, oso noizean behin ibiltzen gara txakurrei lotuta korrika; ez da gomendagarriena. Hau da, txakurrekin lanketa konkretu bat egiten dugu, eta ondoren, nire entrenamendu saioak aparte egiten ditut. Txakurrekin entrenatzera Gorlara edo Landara joaten naiz eta normalean patin gainean joaten naiz eurekin, edo bizikletatik egiten dute tira, bestela. Gorlan, esaterako, zirkuitu txiki bat daukat entrenatzeko.

Bada, lasterketak txakurrari lotuta egin behar badituzu, badu logika horrela entrenatzeak, ala?

Bi astean behin entrenatzen naiz eurekin korrika, baina ez da gomendagarriena, norberak leher eginda amaitzen duelako eta txakurrendako oso frustrantea delako. Eurek topera joan nahi izaten dute, eta, noski, guk ezin dugu horren azkar joan. Nire kabuz korrika egiten dudanean serieak 3,30era egiten ditut, eta lasterketetan, txakurrekin kilometroa 3,10era egiten dugu. Imajina dezakezun moduan, erritmo horietara tira egiten dizutenean... gorputzak gero igarri egiten du.

Ze ezaugarri ditu lasterketak?

Moncayoko magalean ibiliko gara, Olvegan. Zirkuituak sei kilometro ditu eta hango lur gorriko pistetan ibiliko gara. Duela bi aste izan ginen zirkuitua ikuskatzen. Mundu osotik etorriko da jendea, hitzordu handia da.

Mushingean, denboraldiko ze puntutan zaudete?

Denboraldi hasieran gaude. Bi aste barru, esaterako, Galizian izango dugu Espainiako Kopako lasterketa bat, eta ondoren etorriko dira Kataluniakoa, Sevillakoa... Mushing denboraldia martxora arte luzatzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak