Santa Zezilia omentzeko, Bergarako kaleak hartuko dituzte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko aza. 17a, 18:14

Txurruka orkestra sinfonikoa zuzentzen, iazko Santa Zeziliaren omenezkoan.

Musikarien zaindariaren eguna da azaroaren 22a, eta egun horren bueltan, orkestra sinfonikoak, txistulari bandak, Bergarako Musika Eskolak eta musika bandak emanaldi bereziak emango dituzte; lehen zita bihar da, orkestrarekin, Mariaren Lagundiko elizan (19:00).

Azaroaren 22an ospatuko da nazioartean Santa Zezilia eguna, musikarien zaindariaren eguna. Bergarak musikarekin eta oro har kulturarekin duen harreman berezia ikusita, egutegian markatutako egunetako bat da, eta horren adibide da gutxienez herriko lau taldek ospatuko dutela eguna; izan ere, orkestra sinfonikoak, txistulari bandak, Bergarako Musika Eskolak eta musika bandak ekintza berezikien omenduko dute zaindaria.

Orkestra sinfonikoa, bihar

Orkestra sinfonikoak bihar, azaroak 18, emango du Santa Zeziliaren omenezko zuzenekoa; Mariaren Lagundiko elizan izango da, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Bost pieza joko dituzte, orkestrako zuzendari Enrike Txurrukak aurreratu duenez; lehena Overture in C Major izango da: "Fanny Hensel-Mendelssohn-en pieza da. XIX. mendeko obertura, erromantizismo goiztiarraren estiloan. Berezitasuna, musikan baino gehiago, konposatzailean dago, sasoi horretan ez ziren-eta batere ohikoak emakume konposatzaileak".

Bigarren pieza izango da Jean Sibelius finlandiarraren Valse triste: "Oso pieza ezaguna da, Kuolema (Heriotza) izeneko antzerki obra laguntzeko sortu zena". Ondoren, Amaya operako Ezpata-dantza ezaguna joko dute, Jesus Guridi gasteiztarrarena: "Euskal doinuetan oinarrituriko pieza sinfonikoa izango da". Laugarren pieza Edward Elgar ingelesaren Nimrod adagioa izango da: "Oso emeki hasi baina estasi-eztanda batera eroango gaituen sentimenduz betetako adagioa da". Eta kontzertua ixteko, Ramin Djawadi alemaniarraren Game of Thrones telesaileko soinu banda joko dute.

Musika eskolatik San Joxepe eta Mizpirualde bisitatuko dituzte azaroaren 23an

Txistularien kalejira domekan

Santa Zeziliaren omenez urtero kalera irteten den herriko beste kultura eragile bat txistulari banda da. Domekan, azaroak 19, herriko kaleak alaituko dituzte 11:00etan hasita. Txistulari bandako zuzendari Jose Miguel Laskurainek zortzi kontzertu antolatu ditu 2023rako, kalejirak aintzat hartu barik. Gaur egun bederatzi kidek osatzen dute txistulari banda –bi txistu nagusi, hiru bigarren mailako, bi silbote eta bi atabal–, eta horrek malgutasuna ematen die askotariko errepertorioak probatzeko; domekan, baina, kalejiretan jo ohi dituzten piezak joko dituzte Santa Zeziliaren omenez.

Musika eskolak, hilaren 23an

Bergara Musika Eskolakoek hilaren 23an ospatuko dute Santa Zezilia eguna. Eguerdian, musika eskolan diharduten irakasleek bazkaria egingo dute, urteroko ohiturari eutsiz. Ondoren, 17:00etan hasita, zenbait kalejira egingo dituzte. Trikitilariak San Joxepera joango dira; bertan saio bat eskainiko dute, eta ondoren San Martin plazara joango dira kalejiran. Eta kalejira nagusian, 17:15ean, musika eskolatik irtengo dira gazte banda, dantzariak, abesbatzako ikasleak eta gainerako ikasleak. Kalejira hori Mizpirualde egoitzatik pasatuko da, bertan geldialdi bat egin eta pieza bat jotzeko. Horren ostean, kalejira plazan amaituko dute. Eta ohitura dutenez, Santa Zeziliaren omenezko ospakizuna plazan amaituko dute ekitaldi txiki batekin; gero, San Joxepe elkartekoek prestatutako txokolate beroa hartuko dute ikasleek.

Musika bandak, hilaren 26an

Musika bandak ere Santa Zezilia egunaren ostean emango du urteroko kontzertua; azaroaren 26an izango, udal pilotalekuan (12:30). Kontzertuaren egitaraua guztiz zehaztuta ez badago ere, bandako zuzendari Enrike Txurrukak aurreratu du "berezia" izango dela aurtengoa ere; pieza bereziak jotzen saiatuko dira euren zaindariaren omenez.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak