Txapelaren eta zapiaren bila, dantzari gazteak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 10a, 09:15

Iazko txapelketan parte hartu zuen bikote bat. (Argazkia: GOIENA).

Domeka eguerdian jokatuko da Euskal Herriko bikote gazteen 45. Dantza Askatu Txapelketa Bergarako Seminarixoan, eta bederatzi bikotek dantzatuko dituzte sei pausoko fandangoa eta arin-arina aurtengo txapeldunak izateko lehian.

Domeka honetan jokatuko da Euskal Herriko bikote gazteen 45. Dantza Askatu Txapelketa Seminarixoan, Bergarako Musika Eskolak Udalaren laguntzaz antolatuta. 12:00etan hasita lehiatuko dira izena eman duten bederatzi bikoteak: Elene Astiazaran eta Oier Arriaran (Azpeitia), Judith Jacinto eta Manex Elgeta (Lezo-Oiartzun), Hegoa Aizpuru eta Izaro Arandia (Azpeitia), Onditz Esnaola eta Jurgi Errandonea (Lizartza-Andoain), Enara Artola eta Mikel Esnaola (Lezo), Jare Labaka eta June Izagirre (Azpeitia), Alaitz Elorza eta Aner Elorza (Azpeitia), Ane Lazarobaster eta Iara Sustaeta (Azpetia) nahiz Ihintza Erauskin eta Danel Castillo (Lezo-Pasai Donibane).

Sei pausoko fandangoa dantzatuko dute Bergarako Txistulari Bandaren laguntzarekin; sei pausoko arin-arina, Estanga anai-arreba trikitilariekin.

Sari-banaketa

Bost sari banatuko dituzte. Lehenak Udalak emandako garaikurra, txapela, zapia eta 180 euro irabaziko ditu. Bigarrenetik bosgarrenera sailkatutakoek garaikurra nahiz 160 euro, 150 euro, 140 euro eta 130 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Halaber, garaikur bereziak egongo dira jantzi egokienarentzat eta 12 urtera arte ongien sailkatu den bikotearentzat. Epaimahaiak erabakia hartu bitartean, Musika eta Dantza Eskolako dantzariak dantzatuko dira.

Txapeldunak, atzera begira

Euskal Herriko Dantza Askatuko txapeldunak diren Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga bergararrek ere hartu zuten parte bikote gazteen txapelketan 2013 eta 2015 artean, baina ez zuten txapelik eskuratu. Dena den, biek adierazi dute "berezia" izaten zela egun hori, herrian egiten zutelako dantza. Galarragak gogoan du orduko urduritasuna: "Oraindik lehen urteak zirenez, urduri egoten ginen, lagunak ikustera etortzen ziren... Berezitasuna, txapelketa baino, herrian dantzatzea zen".

Murgiondok dio duela 10 urte dantzan hasi zirenean, ez zutela espero Euskal Herriko Txapelketa irabazterik: "Hasieratik gaur arte gure helburua izan da ondo pasatzea eta lana ondo egitea. Ez dugu helbururik jarri garaipenei dagokienez".

Harrera, Galarraga eta Murgiondori

Atzo egin zien harrera Bergarako Udalak Saioa Galarragari eta Julen Murgiondori. Urriaren 21ean Seguran jokatu zen Euskal Herriko Dantza Askatuko Txapelketa irabazi zuten, azken bost urteetan hirugarrenez –2019an, 2022an eta 2023an–; bada, egun hartan jaso zuten Aitor Ruiz de Eginok egindako eskultura udaletxean geratu da betirako.

Eskertuta eta pozik

Galarraga "eskertuta eta pozik" agertu da egindako aitortzarekin, baina azpimarratu du berarentzat garrantzitsuena izan dela garaipena bera etxera ekartzea: "Etxekoak izan dira 10 urtetan txapelketaz txapelketa ibili direnak, Maite dantza irakaslea ere bai. Moises Azpiazu dantza taldeko kideei garaipena ekartzeak ere asko betetzen nau. Taldeko bikote gehiagok txapela eta garaikurra bere bitrinan jarri ahal izatea modu sinbolikoan bada ere".

Murgiondok azaldu du dantza txapelketan Bergararen ordezkari izanda eurei esker lortutako garaipen bat Udalari eskaintzea ederra dela. "Izan ere, urte osoan zehar txapelketaz txapelketa Bergarako udalerria beste herri batzuetara zabaltzen dugu", gehitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak