Juantxo Madariagak 'Notitia Vasconiae' entziklopedia aurkeztuko du Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urr. 27a, 09:15

Juantxo Madariaga bere liburu bat aurkezten 2021ean Bergarako Udalean.

Azaroaren 2an izango da, eta 1.199 historialari, legelari eta pentsalari jasotzen dituen lanaren egile eta zuzendarietako bat da bera.

Juantxo Madariaga historialariak Iura Vasconiae fundazioaren –Euskal Herriko Zuzenbide Historikoa eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa– Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia proiektuan hartu du parte egile eta zuzendari gisa, eta azaroaren 2an egingo du aurkezpena Bergarako Irizar Jauregian, 19:00etan hasita.

Bi liburukiren zuzendari

Lau liburukiz dago osatuta proiektua –denera, 4.000 orri baino gehiago– eta erromatarren garaitik gaur egun arte Euskal Herriko nahiz Euskal Herriari buruz idatzi duten 1.199 historialari, legelari eta pentsalari politiko jasotzen ditu. 105 unibertsitate, erakunde zientifiko eta hezkuntza-erakundetako 300 egile aritu dira lanean: "Argitalpenak eta teoria politikoak dituzten pertsonaiak hartzen saiatu gara". Madariagak entziklopedia "erreferentzial" gisa definitu du: "Espero dezagun betirako edo urte luzez geratzea erreferentzia moduan. Gure asmoa zen zegoen zuloa betetzea. Alemaniarrak XIX. mendean hasi ziren halakoak egiten. Frantzian asko egin dira; Italian, Espainian... Eta guk XXI. mendean egin dugu, oso atzetik goaz".

UNEDeko zuzendari ohiak azaldu du, hasieran, "egile" modura hartu zuela parte, baina hirugarren eta laugarren liburukietan zuzendaria izan dela: "Pertsonaiak aukeratuta, topatu egin behar dira horiek landuko dituzten pertsonak. Hasieran egilea nintzen ni, eta lehen bi liburuetan, bakoitzean, 12 pertsonaia idatzi ditut. Horien zu- zendaria Roldan Jimeno izan da, baina beste lan batzuk ere bazituen. Ni jubilatu egin nintzen, teorikoki astia neukan. Orduan, azken bi liburukiak koordinatzeko eskaintza jaso nuen, eta hori egin dut".

Hiru hizkuntzatan egina

2004an sortu zen entziklopedia bat sortzearen ideia, baina finantzaketa arazoak medio, 2016ra arte ezin izan zuten kaleratu, orduan jaso baitzituzten Eusko Jaurlaritzaren, Petronor enpresaren eta Espainiako Gobernuaren dirulaguntzak. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko edizioak sortu dituzte, eta edizio bakoitzak ditu bere lau liburukiak. Euskarazkoei dagokienez, lehena kaleratu dute soilik: "Orain sartuko da inprentan bigarrena, eta hirugarrena abendurako egongo da". Gaztelaniazko laurak daude kaleratuta, eta ingelesezko lehen biak.

Aurkezpena Bergaran

Esan bezala, azaroaren 2an egingo du Madariagak bildumaren aurkezpena Bergaran, eta proiektuaren garrantziaz, ezaugarriez eta bestelako xehetasunez gain, liburuan agertzen diren bergararrei buruz hitz egingo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak