Zaintza ezin dela emakumeen menpe bakarrik egon aldarrikatu dute gaur, Bergaran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko urr. 20a, 18:18

Seminarixoan batu diren emakume pentsiodunak.

III. Euskal Herriko Emakume Pentsiodunek batzarra egin dute gaur Bergarako Seminarixoan. 140 bat emakume elkartu dira eta zaintza eta pentsio duinak eskatu dituzte. 

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko emakumeek III. batzarra egin dute gaur. Orain arte Bilbon eta Gasteizen egin dituzte batzarrak baina hirugarren hau Bergaran egin dute. Lurralde guztietatik etorritako 140 emakume elkartu dira Seminarixoan. "Oso harrera ona" izan dutela azaldu dute , eta batzarraren garrantzia nabarmendu dute.

Zaintzak bizitza osoan zehar beharrezkoak direla nabarmendu dute, baina urteak bete ahala zainketa beharrak areagotu egiten direla. Egoera ekonomikoa ere garrantzitsua dela gehitu dute: "Horregatik, ia 6 urte daramatzagu 1080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen, 14 ordainsaritan".

Dekalogoa

Hausnarketa egin dute aurrez prestatutako dekalogo baten inguruan, eta zaintza nolakoa izan behar den zehaztu dute. "Zaintza publikoak, duinak eta kalitatezkoak eskatzen ditugu", azaldu du pentsiodunen mugimenduko kide Itziar Usandizagak.

Zaintza sistema batez ere emakumeei esker mantentzen dela gehitu du Bizkaiko mugimenduko kide Ana Mesok: "Bizitza osoan euren familiak zaintzen jardun dute eta jarraitzen dute emakume askok doako lanari esker; eta, gaur egun, migratzaile asko  ari dira lan horiek egiten, lan baldintza ez duinetan. Hori ere konpondu behar dugun gaia da".

Azaroaren 30eko greba

Azaroaren 30ean egingo den grebara deitu dute, eta azaldu dute gizonezkoak, komunikabideak, instituzioak... interpelatu nahi dituztela. Gainera, ideologikoki grebak izango duen garrantzia nabarmendu dute.

Borrokan jarraituko dutela gaineratu du Mesok, aliantzak bilatuko dituztela eta orain arte atomizatuta egon diren borroka ezberdinetan puntu komunak bilatu behar direla gehitu du.

Palestinarekin elkartasuna

Munduan dauden beste gatazka batzuk ere gogoan izan dituzte gaur Seminarixoan. Hala, batzarraren amaieran minutuko bateko isilunea egin dute Palestinan gertatzen ari dena gogoratuz, eta hil dituztenen alde.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak