Larramendiko plantaren bueltan "kezkatuta" jarraitzen du proiektuaren aurka dagoen Larramendiko Arnasa plataformak. "Kare-ekoizlea edo papergintzaren hondakinen balorizaziorako planta... Bi izenburu gozo dira erraustegia izendatzeko. Gaia auzitegietan dago. Alde batetik, EAEko Auzitegi Nagusian hainbat salaketa jarri zituzten Udalak, auzotar batzuek eta Ekologistak Martxan taldeak. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak Valogreene enpresari Ingurumen Baimen Bateratua ematerakoan egindako hainbat irregulartasun ere salatu genituen Arabako probintzia-fiskaltzaren bidez".
Horrez gain, Jaurlaritzak enpresari emandako hiru milioi euroko diru-laguntzaren ikerketa ere eskatu dute: "Arabako fiskalak, kasua aztertu ondoren, delitu zantzuak ikusi zituen eta epaileari jakinarazi zion; momentu honetan, epailearen esku dago ikerketarekin hastea". Larramendiko Arnasakoek diotenez, ikerketak aurrera egiten badu Jaurlaritzako "hainbat pertsona" ikertuak izango dira.
Babesa eskertu dute
Proiektua "geldi" dagoen arren, plataformako kideak ez daude lasai: "Lege aldetik irregulartasun handiak izan arren nabarmena da Jaurlaritzak duen interes berezia proiektu hau martxan jartzeko, eta kezkatuta gaude. Proiektuak dituen gorabeheren berri ematen jarraitzea da gure asmoa; Udalarekin eta Ekologistak Martxan taldearekin harreman estuan gaude". Bestalde, herritarren babesa eskertu dute: "Proiektuaren berri izan genuenetik auzotarron elkarlana eta herritarrek erakutsitako indarra funtsezkoak izan dira".