Txurruka saxofoiarekin; Larrañaga batutarekin

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urr. 20a, 10:11

Bergarako Musika Banda aurten, sanmartinetan plazan jo ohi duten kontzertuan. (Argazkia: GOIENA).

Bergarako Musika Bandaren domekako emanaldia berezia izango da. Igor Larrañaga bandako kidea arituko da zuzendari lanetan, eta Enrike Txurruka musikarien artean izango da; gainera, inoiz jo gabeko hiru pieza interpretatuko dituzte.

Bergarako Musika Bandak urriko kontzertua eskainiko du domekan, Bergarako Udal Pilotalekuan, 12:30ean hasita. Kontzertua berezia izango da, ordea, Enrike Txurruka zuzendariak eta Igor Larrañaga bandako saxofoi-jole nahiz zuzendariordeak rolak aldatuko baitituzte; Larrañagak hartuko du batuta, eta Txurruka musikarien artean egongo da saxofoia jotzen.

Enrike Txurrukak uste du "ona" dela zuzendariordeak zuzentzea kontzerturen bat "aktibo" mantendu dadin, baina baita musikarientzat aberatsa delako ere. Duela zenbait urtetatik datorren ideia da. "2019an Enrike zuzendari izendatu zutenean, berba egin genuen eta pentsatu genuen polita izango litzatekeela Euskal Herriko zuzendari bat gonbidatzea banda zuzentzera. Zer hobe zuzendariordeari aukera ematea baino. Gero, asmoa bada bi urtean behin zuzendari gonbidatu batek banda zuzentzea", dio Larrañagak.

Rol aldaketa

Bata bestearen lekuan jarriko da, eta Larrañagak azaldu du "oso desberdina" izango dela berarentzat: "Instrumentua jotzen zaudenean zure aulkian zaude, eta babestuta sentitzen zara musikari moduan. Zuzendaria zarenean, zu zaude jendearen aurrean eta zeu zara gehien ikusten den figura. Zuzendari egoteak beti dauka beste ardura bat". Hala ere, adierazi du lasai dagoela eta kontzertua "oso ondo" aterako den konbikzioa du.

Txurrukak, berriz, saxofoia hartu eta Larrañagak gidatuta joko du saxofoia. Kontzertua Larrañagak zuzenduko zuela adostu zutenean iritzi zion "ona" litzatekeela berriro ere banda-jole moduan sentitzea, berak zuzendariarengandik jaso nahiko lituzkeen gauzak gogoratzeko; batez ere, entseguetako lanean: "Lagunen ondoan berriz egotea oso polita da, batez ere, oso ona izan delako freskatzea musikariak zer eskatzen duen zuzendariarengandik".

Inoiz jo gabeko hiru abesti

Errepertorioak "betiko banden oinarria" izatea gura zuen Larrañagak: "Bandak asko aldatu dira; bai formazioak, baita jotzen diren obrak ere. Horregatik, sartu ditut pasodoble bat, zarzuela... Horiek izan dira betiko bandek gehien jo dituztenak. Bandaren oinarriak nondik etorri diren, egungo musika, eta musika azkarraren eta geldoaren arteko kontraste askoko kontzertua izango da". Horregatik, bost obra aukeratu ditu domekarako, eta horietatik hiru sekula ez ditu jo bandak.

Larrañagak berak 2013an konposatutako eta bandak 2014an estreinatutako Bergarako zezenzaleak pasodoblearekin hasiko da kontzertua; ondoren, Ralph Waughan Williamsen Folk song suite eta Kees Vlak-en Clarinet jubilee interpretatuko dituzte lehen aldiz; laugarren abestia izango da Federico Morenoren Luisa Fernanda, eta, amaitzeko, Dmitri Xostakovitx errusiarraren Galop joko dute –hori ere lehen aldiz–.

Azken urteetan Larrañagak saxofoia jo arren, klarinetearekin sartu zen bandan, eta klarinete-joleei "lan pixka bat" jarri nahi izan die, Clarinet jubilee jotzeak "abilezia handia" eskatzen baitu. Galop aukeratzeak ere badu bere zergatia: "Musika errusiarra asko gustatzen zait, eta kontzertua bukatzeko Galop joko dugu. Oso azkarra da".

Miguel Gonzalez Bastidaren Campeones musikatuko dute "propina" modura. 1959an konposatu zuen, Bergarako futbol taldea historian lehen aldiz hirugarren mailara igo zenean. Honengatik aukeratu du Larrañagak: "Aurten, Bergarako jubenilak Liga Nazionalera igo dira historian lehen aldiz. Bandako bi kide daude taldean, eta pentsatu nuen egokia zela eurak lorpenagatik zoriontzeko".

 

Igor Larrañaga, Bandako kide eta zuzendari ordea: "Lasai nago; kontzertua ondo aterako da"

Igor Larrañagak zuzenduko du domekan Bergarako Musika Bandaren kontzertua.

Noiz hasi zinen Bergarako Musika Bandan?

1989ko abenduan, Gabonetako kontzertuan jo nuen lehen aldiz. Nire instrumentua klarinetea da, baina zenbait arrazoirengatik, 2008an saxofoietara pasa nintzen.

Domekan, zuzendari...

Desberdina izango da oso. Zuzendari izateak beti dauka beste ardura bat, baina lasai nago; kontzertua oso ondo aterako da.

Zeure obrarekin hasiko duzue kontzertua.

Bergarako zezenzale taldean lagunak eta kuadrillakoak dauzkat. Haiei eskainita, pasodoblea konposatu nuen, eta 2014an estreinatu genuen. Bederatzi urte eta gero, hori jotzen eta ni zuzentzen... Derrigor etorri beharko dute zezenzaleek [barrez].

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak