Arrate Bergara: "Familiari eta Tuterako klubari zor diet txapela"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urr. 20a, 09:43

Arrate Bergara, domekan Bizkaia frontoian jokatutako final handiko une batean.

Nekez ahaztuko du Arrate Bergarak domekan Bizkaia frontoian bizi izan zuena, Hiru Hiriburuak binakako txapelketa irabazi ostean: "Ikaragarria izan zen, sinestezina".

Hiru Hiriburuak binakako txapelketa irabazi zuen domekan Arrate Bergarak, Amaia Aldairekin batera Leire Garai eta Irati Zabala 22-19 menderatu ostean. Bizkaia frontoiko harmailak beteta zeudela, faborito izatearen presioa ondo kudeatu arren ondo sufrituta jantzi zuen txapela Bergarak.

Nori eskaini nahi diozu txapela?

Familiari batez ere. Gurasoak eta anaia beti ditut ondoan, eta haiek gabe ez nintzateke hemen egongo. Horrez gain, nire lehen kluba aipatu nahiko nuke, Tuterako Eraso pilota taldea. Bertan eman nituen lehen urratsak, bertan harrapatu ninduen pilotak. Horiei zor diet txapela.

Nola joan ziren domekako ospakizunak? Egun berezia izan zen, ezta?

Oso ondo. Txapela irabazi ostean bazkaltzera joan nintzen familiarekin; denok geunden oso pozik. Arratsaldean, pilota goxoko eta kategoria misto gazteko finalak ere jokatu ziren, eta ez nuenez nahi etxera joan frontoian geratu ginen arratsaldean ere. Ez nuen txapela irabazi nuenik sinisten, eta frontoian jarraitu nahi nuen [barreak].

Mezu eta dei asko jaso zenituen?

Egunean bertan jende mordoa hurbildu zitzaidan zoriontzeko, eta hainbat mezu ere jaso nituen telefono mugikorrean. Adibidez, Tuterako ikaskideek telebistaz ikusi ninduten eta badakit eurak ere izugarri poztu zirela; esango nuke klasean duten lagun hori telebistan irabazten ikustearen harrotasuna sentitzen dutela. Are gehiago esango dizut, harrotasun puntu bat edo sentimendu berezi bat badago emakumezko pilota aurrera doala-eta; Bizkaia frontoiko harmailak domekan nola zeuden ikustea besterik ez dago.

"Harmailetako zarata, umeak gu besarkatzera etorri ziren unea... Sekulakoa izan zen"

Nola bizi izan zenuen finala barrutik?

Ez dakit esaten zergatik, baina uste nuena baino lasaiago hasi nintzen; hori arraroa da nigan. Onartu beharra daukat, baina, aurkariak markagailuan gerturatu ahala urduritzen joan nintzela. Amaia [Aldai] oso-oso ondo hasi zen, eta nik ere ondo eutsi nion. Min handia egin genien hasiera horretan atera genuen pilota biziarekin; esango nuke bereziki Iratiri [Zabala] min handia egin ziola Amaiak sakearekin. Gero, aurkariek beste pilota bat atera zutenean eta gure pilotak ere bizitasun edo distira apur bat galdu zuenean, partidua asko zaildu ziguten, sekulako maila erakutsi zuten.

Aurkarien erreakzioa etetea lortu zenuten, eta irabazi. Pozik, ezta?

Oso-oso pozik. 21-17 joan ginen irabazten eta bi akats egin ostean 21-19 jarri ziren. Hala ere, azken tantoa egitea lortu genuenean, emozio eztanda bat izan zen; goraino zeuden harmailetako zarata hori, umeak gu besarkatzera etorri ziren unea... Ikaragarria eta sinestezina izan zen. Hiru Hiriburuak txapelketa irabazi izana sekulakoa da niretzat.

Txapelketa berezia delako, edo?

Nire ustez, gaur egun binaka dagoen txapelketa garrantzitsuena da; preziatuena bai, behintzat. Hiru hiri handienetan jokatu dugu, Atanon, Ogetan eta Bizkaia frontoian; horiek dira egungo frontoi handienak eta ikusgarrienak. Txapelketaren bigarren edizioa izan arren, finkatu da binakako txapelketa garrantzitsuena moduan.

Zeintzuk izango dira aurrera begirako zure erronka nagusiak?

Orain, lau eta erdikoaren sasoia hasiko da. Atzelaria naiz eta helburuak ezberdinak dira modalitate horretan; hala ere, hasita nago lau eta erdikora begira entrenatzen eta oso gustura nabil. Ikusiko da kaiolan zela moldatzen naizen aurten, baina dena ematera irtengo naiz. Urtarriletik aurrera binakako beste txapelketak hasiko dira, Emakume Master Cup eta beste batzuk. Binakakoan onenekin ibiltzea espero dut; gainera, maila altua duten neskekin bakarrik entrenatuko dut Zornotzan, eta badakit horrek asko lagunduko didala maila hobetzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak