Ibon Leibar: "Euskalgintza berpizteko gogoz dagoela ikusten dugu"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urr. 11a, 10:20

Ibon Leibar, Begaran. (Argazkia: Txomin Madina).

Joan den asteburuan egin dira Villabonan Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak antolatutako Euskaltzale Independentiston Topaketak. Lehen edizioaren balorazioa egin du hango kide Ibon Leibar bergararrak.

 

Topaketen ze balorazio egin duzue?

Oraindik balorazio ofiziala ez dugu egin, baina jaso dugun feedback-agatik oso gustura gaude. 160 lagunek eman zuten izena egun osorako. Uste dugu 250 lagunetik gora egon ginela egun osoko ekintzetan.

Helburuetako bat zen EHE berriro ere plazara ateratzea. Lortu duzue?

Uste dut baietz, baina ez asteburuan soilik. Topaketak egiteko egin dugun bidea –aurkezpenak, elkarrizketak...– ere ona izan da. Erakusleihoa zabaltzen duzu, eta leku gehiagotara heldu gara. Kontaktu berri pila egin ditugu, toki ezberdinetara heltzeko parada eman digu. Saiatu gara hori bilatzen.

Norbanako eta eragileekin elkartu zarete. Nolakoa da euskalgintzaren egoera?

Berriz pizteko gogoarekin dagoela uste dugu. Hamarkada baxutik dator, baina belaunaldi eta ideia errelebo bat egon da euskalgintzako talde askotan. Orokorrean, ikusten dugu esnatzeko ordua dela. Soziolinguistika emaitzetan ikusten da euskararen erabilera jaitsi dela. Ikusi dugu badagoela indarra eta gogoa. Gure lehen plana da guztiak norabide berean lanean jartzea. Hurrengo hamarkadetan tokatuko da gaur egungo gizar-te ereduan asmatzea.

Euskararekin batera independentzia jarri duzue erdigunean. Ze hausnarketa egin duzue?

Independentziak euskararen bizirautean duen garrantziaz hausnartu dugu. Estatu batek indarra ematen dizu legeak egiteko, baina baita betearazteko ere. Gure kasuan ba... Independentzia eta euskara eskutik helduta emaitza hobeak eman ditzake. Hala ere, mahai-inguruan egindako hausnarketa bat izan zen estatu barik bizirauten ari garela, eta horrek baduela meritua. Ezin dugu ezer bermatu, baina eusten ari gara.

Hurrengo ediziorik egongo da?

Bi urtetik behin egiteko asmoa daukagu, eta tarteko urtea erabiliko dugu topaketetan egindako hausnarketak betetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak