Iruñean ireki berri dute Bergaran jaiotako hondakinen gaineko erakusketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urr. 10a, 17:02

Iruñeko erakusketaren irekierako agerraldia. Argazkia: Nafarroako Kutxa Fundazioa.

Laboratorium museoak eta hainbat eragileek Bergaran sortutako Hondakin Jasangarriak: fikzioa ala errealitatea? erakusketa arrakastatsua Iruñeko Civican aretoan ikusi ahalko da abenduaren 14ra arte, Laboratoriumen eta La Caixa zein Nafarroako Kutxa Fundazioen elkarlanari esker.

Bergarako Udalak Laboratorium zentrorako garatutako ekimena da, eta orain Civican-en atarian bisita daiteke. Erakusketaren irekiera iragartzeko prentsa ekitaldian, Gorka Artola Bergarako alkatea eta Rosa Errazkin Laboratorium museoko zuzendariaz gain, Jose Angel Andres Nafarroako Kutxa Fundazioaren presidenteak eta Juana Garcia lehendakariordeak parte hartu zuten.

Erakusketa honen helburua herritarrei ekonomia zirkularra zertan datzan ulertaraztea da, birziklatzea edo berrerabiltzea bezalako gaien bidez, eta ingurune naturala errespetatzen duen ekoizpen eta kontsumo eredu alternatibo berri bat bilatzea. Izan ere, erakusketan zehar berreskuratu, berriz diseinatu, berritu, konpondu, murriztu edo birziklatu terminoak proposatzen dira.

Erakusketara bisita. Argazkia: Nafarroako Kutxa Fundazioa.

Bergarako alkate Gorka Artolak azpimarratu du Laboratoriumen balioa: "Gizartearekin eta zientziarekin modu estuan loturiko erakusketak landu izan ditugu Laboratorium-en, eta dagoeneko hona, Iruñera, dakarkigun bigarren erakusketa da. Gure museoa, arteaz harago, museo berezia ere bada. Gustatzen zait aipatzea Laboratorium Bergaran dugun ezagutza guztiaren isla dela, eta guretzat ohore bat da ezagutza hori Euskal Herriko txoko ezberdinetara eraman ahal izatea".

Erakusketa Civican atarian izango da abenduaren 14ra arte, eta publiko berezitua duten bisita gidatuen bi programa proposatuko dira. Alde batetik, gazteentzako ibilbide gidatuak, Lehen Hezkuntzako 6. mailako, DBHko eta Batxilergoko ikasleen artean; eta bestetik, familia bisitak egingo dira, lagunduta dauden adingabeentzat.

Erakusketa hau Civican-en programazio hedatuaren ereduaren barruan kokatzen da. Eredu horrek beste jarduera batzuekin osatzen du erakusketa, hala nola hitzaldiak, tailerrak, gogoeta-laborategiak edo liburutegiko erakusleihoak, zeharkako gaitzat ekonomia zirkularra eta ekoizpen eta kontsumo modu berri bat sortzeko aukera dutenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak