Urriaren 23ko osoko bilkuran dira onartzekoak 2024rako ordenantza fiskalak. EH Bilduren Udal Gobernuaren proposamena da igoera orokorra %4koa izatea.
Igoera, "gastuei erreparatuta"
Proposamenean hobariak azpimarratu ditu EH Bilduk eta horien artean, bereziki, herriko ekonomia sustatzera bideratutakoak. Besteak beste, milioi bat euro baino gutxiago fakturatzen duten komertzioei hurrengo hobariak eskainiko zaizkie, lehen aldiz: obra lizentzietan, %95eko hobaria; irekiera berri batean, irekiera tasan %95eko hobaria; eta uraren zein zaborraren tasetan, lehen hiru urteetan, %95eko hobaria. Ogasun zinegotzi Aitor Arantzabalek dio "ziur" daudela hobari berri hauek herriko komertzioa indartzen lagunduko dutela.
Bestalde, EH Bilduk iragarri du Agorrosin kiroldegiaren abonuaren eta ikastaroen tasak %10 igoko direla: "Guretzat ere gustukoa ez den arren, igoera gogor horri eusteko tasak ahal den neurrian eguneratu behar izan ditugu kalitatezko zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko". Igoera horrek errenta baxuak dituzten bergararrengan izan dezakeen eragina leundu asmoz, Udalak tarifa soziala eskainiko die hala behar dutenei.
Kostuen gorakadari begira, EH Bilduk honako datu hauek eman ditu: 2021ean, argindarraren gastua 100.000 eurokoa izan zen, eta 2022an, 183.000 eurokoa; gasaren kostua 2021ean 70.000 eurokoa izatetik 191.000 eurokoa izatera iritsi zen 2022an. Era berean, lizitazio berri baterako gastuak 150.000 euro inguru igoko dira.
EAJ: "Dena aztertu behar da"
EAJrendako "onartezina" da kiroldegiko abonua eta ikastaroen tasa %10 igotzea: "Proposamena argudiatzeko, argindarraren, gasaren eta pertsonal kostuaren igoerak jarri zituzten mahai gainean, baina ez zuten inolako azterketa sakonik partekatu oposizioarekin; emandako datuak hiru izan ziren, eta oso gainetik. Hala, gaur egun ditugun datu gutxiekin ezin dugu igoera hau onartu; izan ere, bizi dugun egoera ekonomikoan, erabaki horrek eragin handia izan dezake herritarrengan, eta abonatuetan bajak ekar ditzake".
Mikel Lete bozeramaileak "azterketa sakonagoa" eskatu dio EH Bilduri: "Datu guztiekin benetako azterketa egin behar dugu, eta ondoren erabakia hartu; noski, kalitatezko zerbitzua bermatzeko, Udalak ere bere gain hartu beharko du zama, soberakinak eta beste hainbat baliabide baditu-eta. Aukera guztiak aztertu behar dira".