Iñaki Mardaras: "Atzeko sendotasunean oinarritu behar gara"

Xabier Urtzelai 2023ko urr. 6a, 13:16

Iñaki Mardaras, aste barruan Agorrosinen.

Bergarako atezain izateri utzi zionetik, Iñaki Mardarasek gazte mailako taldearen ardura izan du. Dagoeneko bost urte pasa dira, eta taldearekin maila nazionaleraino iritsi da. Egitura profesionala daukaten taldeen kontra jokatzen dabiltza, Realaren, Athleticen edo Alavesen kontra, esaterako. Eta hasi dira mailari neurria hartzen.

Zer moduzko hasiera izan duzue?

Ezin gara kexatu. Pena izan zen ligako lehenengo partiduan Realaren kontra azken momentuan galdu izana. Ostegun batean jokatu genuen eurek Japoniara joan beharra zeukatelako, eta taldea nahiko txukun ikusi nuen. Gero bai, Alaves gainetik pasa zitzaigun (0-4). Ez genuen partidua prestatzeko tarte handirik izan, Bergarako jaiak izan ziren tartean... Partidu horretan ez ginen gu izan. Eta gero etorri dira Beasainen eskuratutako puntua (0-0), eta Getxoren kontrako garaipena (3-1). Beasain talde indartsua iruditu zitzaidan, eta puntu ona izan zen hura. Kanpoan eskuratutako puntu bakoitza garrantzitsua izango da. Eta Getxoren kontra zapatuan partidu ona egin genuen, gure ligako talde baten kontra Bergarak neurria eman zuen.

Liga honetan talde batzuk oilarrak dira, baina Bergarak izango ditu bere mailako taldeak aurrean...

Eta horien kontra batu behar ditugu puntuak. Egitura profesionala duten taldeek edozein momentutan goiko taldeko jokalariak jaitsi ditzakete. Baina beste talde askoren maila berean egon gaitezke, eta hor egon behar dugu ondo.

Zelan jokatu behar du Bergarak?

Hasteko, gauzak oso garbi izan behar ditugu. Gurea talde ona da, baina badakigu badaudela gureak baino talde hobeak, diferentzia markatzen duten jokalariekin. Horrenbestez, defentsa lanean sendo ibiltzea izan behar da lehenengo eginbeharra, eta hortik aurrera taldea eraiki. Partiduetan, guk ere izango dugu gola egiteko aukera, eta hor asmatu behar da. Baina halako kategoria batean ezin gaitezke jokaldi erasokorretan bakarrik oinarritu, horretarako badaude beste batzuk. Eta partidu guztietan izan behar dugu lehiakor, liga amaierara arte; ezin gara opariak egiten ibili.

Euskal Ligan hainbat urtez egon eta gero, berriak zarete maila honetan. Zer ikusi duzu orain arte?

Lau jardunaldi hauetan ikusi duguna da maila oso parekatua dagoela, irabazten dutenek ere tarte txikiarekin irabazten dutela. Alegia, Realak eta Athleticek ere zailtasunak dituztela partiduak irabazteko. Berdinketa asko egoten dira; puntu bakoitza garesti dago hemen.

Gazte mailako taldea horren goian egonda, klub barruan ze taldek du lehentasuna?

Ohorezko erregional mailako taldeak; ez dugu zalantzarik. Goiko taldeak edozein momentutan gure taldeko jokalarien beharra badu, gure jokalariak gora joango dira. Ez luke izango zentzurik goiko taldea ez zaintzeak, gazte hauek pare bat urtean goiko taldean egongo direlako; eta goiko taldea ahalik eta goren egoten saiatu behar gara. Egia da liga aurrera joan ahala, ohorezko erregional mailako taldea ez badago arriskuan, eta gure taldea mailari eusteko borrokan badabil, ba, ez daukala zentzurik jokalari garrantzitsuak gora igotzea. Logikak aginduko du hor.

Ibarreko herri batek maila nazionalean taldea izatea ez da gauza txikia...

Oso maila ona da hau, baina gurearen moduko herrietan belaunaldi kontua ere izaten da, alegia, urte hauetan jokalari onak batu direla taldean. Hori garrantzitsua da, baina jarraikortasuna eman behar zaio horri, harrobian lan egin behar da behe-behetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak