Beart-eko artisten lanak Irala kalean ikusteko aukera domekan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urr. 5a, 20:15

Beart-ekoen koadroen erakusketa Iralan, 2021eko ekainaren 6an.

Beart elkarteko hainbat artistak euren lanak aterako dituzte domekan Irala kalera, 12:00etatik 14:00etara, Beart Eguna dela-eta. Ekimenaren helburua da Boluko egoitzan egiten duten lana kalera ateratzea; aurten Jesus Zabaleta Sanson omenduko dute.

Beart elkartearen urteko egun handia izango da domekan. "Beart-ek hasieratik landu eta sustatu du pintura zaletasuna. Ez dakit buruz zenbat urte daroagun Beart Eguna ospatzen baina izango dira urte batzuk honezkero, eta helburua beti da gure lana kalera ateratzea. Mota, maila eta adin guztietako lanak jarriko ditugu ikusgai kalean", adierazi du aurtengo otsaila ezkero Beart-eko presidente den Xabier Agirrek.

Erakusketarako lehen aukera beti izan ohi da Irala, eta domekan bertan egitea espero dute; euria egingo balu, San Martin plazako arkupeetan ikusi ahalko dira lanak. 11:00etan hasiko dira erakusketa muntatzen eta, gutxienez, 12:00etatik 14:00etara koadroak ikusgai egongo dira.

Omenaldia Jesus Zabaletari

Kalean erakusketa jarri ostean, Zumelaga jatetxean bazkalduko dute; aurreikusten dute 15 bat lagun elkartuko direla. Gainera, egun berezia baliatzen dute elkarteko kideren bat omentzeko. "Aurten Jesus Zabaleta Sanson omenduko dugu, elkartean urte mordo bat egin ditu-eta. Erretiratuta egonda eta adinean aurrera badoa ere, ilusio eta gogo handiz etorri ohi da margotzera; beti adierazten du esker ona eta alaitasuna, eta uste dugu merezi duela gure partetik keinu txiki bat izatea", dio Agirrek.

Ehun bazkidetik gora

Beart-ek zenbat bazkide dituen galdetuta, Agirrek ez du zenbaki zehatza, baina dio Boluko egoitzan badagoela mugimendua: "Buruz ez dakit esaten zenbat garen baina bagara 100 bazkidetik gora. Elkartean ume, gaztetxo zein helduendako tailerrak ematen ditugu, eta gaur egun badira lauzpabost talde astero hiru orduko saioak egiten dituztenak". Hala, Agirrek herritar guztiei egin die gonbidapena domeka eguerdian Irala kaletik pasatu eta bertan ikusgai egongo diren askotariko margolanez eta bestelako artelanez gozatzeko.

Irala kaletik Aroztegi aretora

Irala kaleko erakusketaren ondoren, Agirrek gogoratu duenez, aukera ederra da Aroztegi aretotik pasatzea. Joxe Migel Zumalabe margolari ezagunaren koadro ezezagunenak daude ikusgai Aroztegin. "Aroztegiko egutegia osatzeko batzordean gaude eta saiatzen gara kalitatezko erakusketak ekartzen. Zumalaberen erakusketa hau oso interesgarria da; margolari prestigioduna zen, baina bere azken garaiko lan hauek ez dira oso ezagunak. Bere alabari esker hau Bergarara ekartzea ederra da, pintore honen beste dimentsio bat ezagutzeko aukera dugulako", dio Agirrek.

Ezin da ahaztu, gainera, Zumalabek Bergararekin izan zuen lotura berezia. Garai hartako Elementaleko matematika eta marrazketa irakaslea zen eta harreman berezia egin zuen ordurako: "Gure Simon Arrietaren gidatzaile bat izan zen Joxe Migel. Elementaleko irakasle zenerako abangoardiako pintoreen artean bazuen bere lekua; Gipuzkoako artista gazteen saria birritan irabazita zuen ordurako, eta esan dezakegu Zumalabe haize freskoa izan zela Simon Arrietarendako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak