Iñaki Arenaza: "Gerran familiek bizitako drama erakutsi nahi nuen"

Iñigo Barrena 2023ko ira. 28a, 21:14

Iñaki Arenaza.

Iñaki Arenazak (Bergara, 1972) txikitatik izan ditu gustuko gerra garaiko kontuei eta pasarteei buruz jardutea eta entzutea. Orain, Angiozarko gerratean gertatutakoak liburu batean bildu ditu hainbat pertsonaren ekarpen eta laguntzari esker.

Zer da liburuan kontatzen dena?

Batez ere gerrate garaian Angiozarren gertatutakoa kontatu dut liburuan. Gerrateak iraun zuen zazpi hilabeteetan, Angiozar eta angiozartarrek faxisten errepresioa jasan behar izan zuten. Baserri asko okupatu zituzten, bertako jende ugari erbesteratu egin zuten, beste batzuk espetxeratu, eta denbora tarte horretan, lau pertsona fusilatu zituzten; horietako baten gorpua, gainera, ez da topatu oraindik. Batez ere, zazpi hilabete horietan gertatutakoa kontatzen saiatu naiz.

Zergatik idatzi duzu horri buruz?

Betidanik izan dut gai hauekiko interesa, eta txikitatik gurasoek ere interes hori transmititu didate. Angiozarren jende nagusiarekin hitz egiten ere askotan atera dugu gaia. Baina seguruenik, liburua idazteko pizgarria angiozartar batek kontatutako istorio bat izan zen, duela urte asko gainera. Bere senitarteko bat fusilatua izan zela eta oraindik desagertua zegoela esan zidan, eta pandemian, etxean sartuta geundela, neure buruari galdetu nion ea nola zen posible oraindik pertsona bat galduta egotea eta haren memorian ezer ez egotea. Herriko beste gizon batekin ere hizketan nengoela aipatu zidan fusilatutakoen kasu gehiago zeudela, eta orduan, gaiaren inguruan ikertzen hasi nintzen.

Nolakoa izan da idatzi aurretiko lana?

Behin ikertzen hasita, egunero baserrietatik paseoan galdezka aritu nintzen informazio bila, eta neure buruari planteatu nion horrekin liburuxka bat egitea. Orduan, Intxorta 1937 elkarteko kideekin kontaktuan jarri nintzen, eta informazio askorekin lagundu zidaten. Hortik abiatuta, 90 pertsona baino gehiagorekin egon nintzen, eta liburuak guztira 130 pertsonaren ekarpena du. Izena neuk jartzen dut, baina guztion lana izan da.

Zenbat denbora behar izan duzu informazioa batu eta liburua idazteko?

Pandemia garaian hasi nintzen idazten, baina denbora behar izan dut amaitzeko. Une batzuetan buru-belarri aritzen nintzen bizpahiru astez jarraian, baina beste batzuetan nahikoa zela esaten nion neure buruari. Boladak izaten nituen. Zalantzak ere izan nituen une batzuetan, baina dokumentalarekin batera aurkezteko aukera eta data jarri zutenean, gogor heldu nion berriz ere, aurkezpenerako amaituta izateko.

Zerk harritu zaitu gehien liburua idaztetik?

Orain lasaiago nago, baina hasiera, hemengo familiek bizi izan zutena jakin nuenean, gogorra egin zitzaidan. Uste dut ez garela inoiz benetan pentsatzen jarri zer izango zen hura, eta bizi izan zuten beldurra eta ikara ere nolakoak izan ziren.

Gerra garaiko liburu gehiago daude. Zertan bereizten da zeuk idatzitakoa?

Gai honi buruz beste liburu batzuk ere irakurri ditut, baina gehienetan datu asko sartzen dituzte; zenbat hildako, zenbat leku, eta horrelako datuak. Ni, izatez, ez naiz idazlea, baina nire kasuan, pertsonei eman nahi izan diet protagonismoa, eta, era berean, pertsona horien alde gizatiarra islatzen saiatu naiz liburuan. Gerra garaian familiek bizitako drama erakutsi nahi izan dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak