'Adiskide numerario' izendatu dute Valen Moñux

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ira. 23a, 15:19

Elizegi, Moñux, Lete eta Elkoroberezibar gaur Seminarixoan eginiko ekitaldian.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eginiko aitortza da, "Bergarako ondare artistikoa eta kultura musikala sustatu izanagatik". Seminarixoan izan da ekitaldia gaur eguerdian; izendapenaz gain, musika ere protagonista izan da.

Eguerdiko hamabietan puntua hasi da Valen Moñux bergararra adiskide numerario izendatzeko ekitaldia. Elhuyar anaien erraldoiak eta txistulariak lagun zituela sartu da aretora, eta zutik jaso dute bertaratuek bergararra. Ordurako agertoki gaineko mahaian zeuden Ainhoa Lete Bergarako alkateordea, Luis Elizegi Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako presidentea eta Miguel Angel Elkoroberezibar adiskide numerarioa.

Elizegik hartu du lehendabizi hitza, eta ohartarazi du ekitaldi "xumeagoak" egin ohi dituztela izendapenetan, baina Moñuxen sarrera dela-eta, "konplexuagoa" izango dela. Eta ez da gutxiagorako izan, sorpresaz betea izan baita.

Esker hitzak

Letek hartu du ondoren hitza, eta izendapenaren ekitaldia Seminarixoan egin izanaren garrantzia azpimarratu du: "Badu bere izena eta esanahia. Ilustrazioaren garaiko jakituriatik gaur eguneko kulturaren plazarino, leku honek asmo eman dio Bergarari eta Euskal Herriari. Eta espazio honek, era berean, Valenek herri honi eskaintzen dizkion bi elementu garrantzitsu barnebiltzen ditu: gure historiaren ezagutza eta kulturarekiko maitasuna". Moñuxen "adorea" eta "nekaezintasuna" nabarmendu nahi izan ditu alkateordeak.

Elkoroberezibarrek izan du ostean hitza hartzearen ardura, baina aurrez, Bergarako abesbatzako kideek kantu bat eskaini dute, Marije Ugalderen gidaritza pean.

Bergarako abesbatzako kideak.

Ekitaldi akademikoa

Elkoroberezibarrek eman dio hasiera ekitaldi akademikoari, Moñux aurkezterakoan "maitasunez" hitz egin behar dela adierazita. Amateurtzat izendatu du bergararra, baina ez edonolakoa. "Antzerkia eta musika amateurra; horixe zara zu, amateurra. Maite duena esan nahi du horrek. Antzerkia eta musika maite ditu Valenek, eta Euskal Herrian ia inork ez bezala, biak ezkontzea lortu du. Euskarazko antzerki musikala eratuz eta sustatuz. Hain justu, kalitate eta eskarmentu gutxikoa bezala hartzen da sarritan amateurra, baina ez da zure kasua, Valen".

Bere ibilbidean zehar eginikoak ere goraipatu ditu adiskide numerarioa-k, horretarako Moñuxek izan duen borondatea nabarmenduta. Are gehiago, taldearen eraikuntzaz ere aritu da Elkoroberezibar: "Hori azpimarratu beharko genuke Valenen jarduera artistikoari dagokionez. Taldearen eraikuntzaz ari garenean, ehunka lagunen parte hartzeaz ari garenean, herrigintzaz ari gara; herriarekin, herriarentzat. Herriarekiko atxikimendua, konpromisoa; Bergara herriaren maitale bat, amateurra".

Hunkituta jaso ditu hitzok Moñuxek, eta are gehiago hunkitu da familiako kideek oholtzan parte hartu dutenean, kanta bat eskaini baitiote Marije Ugaldek, eta Andoni eta Miriam Moñuxek. Publikoa ere hunkitu da, eta Elizegik eskerrak eman dizkie hiruei.

Moñuxen hitzartzea

Eskerrak emanez hasi du bere hitzartzea Moñuxek, adiskide numerario izendatzea "ohore bat" dela adieraziz. "Deskribatu ezin dudan zoriontasuna". Euskaraz taularatutako antzerki musikalen historia izan du mintzagai lehen minutuetan, ibilbidea azalduz, eta Bergaran musikalek izan duten tradizioaren berri ere eman du, orain artean egin diren lanen errepaso bat eginda. Aldi berean, eskerrak eman dizkie proiektu guzti horietan alboan izan dituztenei, eta baita familiakoei ere. "Baina batez ere, zorionak. Zorioneko sentitzen naiz". Hala, Xabier Munibek 1764an El borracho burlado lanerako idatziriko azken bertsoekin agurtu du publikoa.

Halere, ekitaldiak ez du etenik izan, beste sorpresa bat jaso baitu Moñuxek hitzartzea amaitu bezain laster. Hamarnaka pertsonaia agertu dira oholtzara, Bergaran egin dituzten antzerki musikaletako protagonistetako batzuk, eta elkarrekin abestu, dantzatu eta antzeztu dute.

Azkenean, diploma eta dominaren banaketarekin amaitu da ekitaldia, Agur Jaunak kantatzen.

Ekitaldiaren bukaera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak