Zaintza eta hirigintza uztartzen dituzten Uruguaiko eta Argentinako esperientzia bana Jabekuntza Eskolan ikasturteari hasiera emateko

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ira. 22a, 12:46

Bergarako Udalak eta herriko eragile feministek udazkeneko jardueren berri eman dute. Hilaren 29rako iragarri dute lehenengoa. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxarekin elkarlanean antolatuta solasaldia egingo dute Silvana Pissanok (Uruguai), Carolina Medinak (Argentina) eta Vanesa Fontanellazek (Argentina) Irizar jauregian.

Urri hasieran abiatuko dira Bergarako Jabekuntza Eskolako jarduera berriak. Aurten ere askotarikoa da eskaintza, eta ikusgai egongo da gaurtik aurrera udal webgunean. Tailerrei, topaketei, eta ikastaroei hasiera eman aurretik zaintza eta hirigintza uztartzen ahalegin handia egin duten hiru aktibistaren solasaldia iragarri dute Bergarako Udalak eta herriko eragile feministek. 

Uruguaiko Montevideo herriko B udalerriko alkate Silvana Pissano izango da hizlarietako bat. Fronte Zabaleko kidea, arkitektoa, eta feminista da. Alkate den eremuan zaintza eta hirigintza uztartzeko egindako lanaren inguruan arituko da. Argentinako Cordoba hiriko Casa Comunidad elkarteko kide Carolina Medina eta Vanesa Fontanellaz izango dira hitzaldiko beste bi solaskideak. Aktibista feministak dira eta Casa Comunidad elkarteak posizionamendu antikapitalista, antikolonial eta antipatriarkal batetik egindako lana emango dute ezagutzera.

"Agerikoa da gizarte gisa bizi dugun zaintza-lanen krisi sistemikoa; hori dela eta, Emakumeen Mundu Martxak zaintzei buruzko elkarrizketa eta hausnarketa bultzatu nahi ditu, bi esperientziaren ezagutzatik abiatuta, bata sektore publikokoa eta bestea eremu komunitariokoa", azaldu du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako kide Luciana Alfarok.

Hitzaldia irailaren 29an izango da, 18:00etan, Irizar jauregian. Aurretik, bisitariek Arrasateko Emakume Txokoa ezagutzen izango dira eta bazkalostean Bergarako kartzela zaharra ikusiko dute.

Jabekuntza Eskolaren berrikuntzak

Bergarako jabekuntza eskolaren urtarrilera bitarteko eskaintza martxan da. Berrikuntzak ere badaude. Jardueretarako izen-ematea online egiteko aukera izango da aurrerantzean webgunearen bitartez egiteko aukera ahalbidetu dutelako.

Berdintasun zerbitzuko bidelagun figura ere sortu dute. Hala, jardueren gaineko informazioa online eta modu zuzenean jasotzeko aukera izango dute bidelagun egiten diren emakume guztiek.

Gogoratu ekintza guztiak doakoak direla eta zaintza zerbitzua behar izanez gero galdetu egin behar dela. Hori bai, jardueretan parte hartzeko aurrez eman behar da izena. Esan bezala, webgunean online egiteko aukera dago orain. Bestela, betiko moduan berdintasuna@bergara.eus helbidera idatzi behar da edo 943 77 91 00 telefonora deitu behar da.

Jabekuntza Eskolen garrantzia

"Jabekuntza eskolen helburua da emakumeen parte hartze soziala eta politikoa sustatzea autoestimua, autoezagutza eta garapena bultzatuz. Elkar ezagutza sustatzea eta sareak sortzea da beste eginkizunetako bat eta jabekuntza eskolak badoaz poliki-poliki errotzen eta egonkortzen", adierazi du Ainhoa Lete alkateordeak. 

"Jabekuntza eskola oso oso interesgarria da. Gero eta argiago dago bakarrik ezin dugula ezer egin eta zaintzak erdigunean jartzen ari garen honetan elkarren beharra dugula denok. Beste esperientzia batzuk ezagutzea eta jabetzea nola eragin dezagun komunitatetik ezinbestekoa da", gaineratu du Maite Aristegi eragile feministak.

Gaurko agerraldian elkartu diren udal ordezkari eta eragile feministek antolatuta dauden ekintzetan parte hartzeko dei egin dute. "Askotariko gaiak eta eskolak daude eta profil desberdinetako emakumeei zuzenduta daude. Parte hartzera animatzen dugu", azpimarratu du Ainhoa Letek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak