AP-1eko Lesarriko tunela osorik berritzeko lanak ostiralean hasiko dituzte

Itziar Larrañaga Sarasola 2023ko ira. 21a, 17:32

Irailaren 22an, ostirala, abiatuko dituzte Lesarriko tunelaren birgaitze integralerako obrak, eta gauean autobidea itxiko da Bergara hegoaldea eta Maltzaga artean, bypassa jarri ahal izateko. Pasabidea zazpi hilabetez mantenduko dute eta lanegunetako lehen orduetan auto-ilarak sor daitezkeela jakinarazi dute Diputaziotik.

Barruko instalazioak osorik berritu eta tuneleko bi hodien eustea eta estaltzea indartuko dute ostiral honetan hasiko diren lanekin. Inbertsioa, guztira, 19.688.000 euro +BEZa izango da, 24 hilabeteko exekuzio epearekin.

Ostiral gauean bypass bat jarriko dute tunelaren Behobia noranzkoko hodian, eta, beraz, Bergara hegoaldea, 135,500 km-tik, Maltzaga 146,400 km-ra bitarteko autobide tartea itxita egongo da 21:30etik aurrera noranzko horretan, eta 22:30etik aurrera Gasteiz noranzkoan. Itxiera horrek larunbateko 08:00ak arte iraungo du.

Hurrengo zazpi hilabeteetan mantenduko da pasabidea, 2024ko apirilera arte

Hala, ibilgailuek GI-627 errepidea erabili beharko dute Bergara hegoaldea eta Eibar artean. Bypassa osatuko duten hormigoizko hesiak jarri ondoren, hurrengo zazpi hilabeteetan mantenduko da pasabidea, 2024ko apirilera arte. Aldi horretan, bi norabideetako igarobide guztiak tunelaren hodiko bi erreiak partekatuz egingo dira, beraz.

Afekzioak lanegunetako lehen orduetan

Bi erreitik bakarrera igarotzeak auto-ilarak sor ditzake Gasteiz noranzkoan, 07:00etatik 09:00etara

Gipuzkoako Foru Aldunditik azaldu dutenez, tarte horretan bi erreitik bakarrera igarotzeak auto-ilarak sor ditzakeela aurreikusten dute, Gasteiz noranzkoan, 07:00etatik 09:00etara, bereziki ordu-tarte horretan batez beste 1.200 ibilgailu igarotzen baitira Bergara, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza edo Gasteizko industrialdeetako lantokietara. Eibar-Behobiarako noranzkoan, 700 ibilgailu inguruko trafikoa egoten da.

Eragin horiek kontuan izanik, Aldundiak informazio-neurriak handituko dituela jakinarazi du. Hala, obretako tartera sartu aurretik, erabiltzaileek informazio eguneratua izango dute AP-1ean eta AP-8an eta sarbideetan dauden mezularitza aldakorreko panelen bidez, sor daitezkeen auto-ilarei buruzko unean uneko informazioarekin. Kasu horietan, eta alternatiba gisa, gomendatuko da AP-8ko irteera hartzea Eibarren, eta GI-627 errepidetik jarraitzea Bergara-Hegoaldeko sarreraraino, AP-1era sartzeko.

Birgaitze integrala

Lesarriko tunela 2003ko abenduan jarri zen zerbitzuan, eta, azken urteotan, hainbat erorketa gertatu dira. Horietako bat 2022ko azaroaren 10ean, sabai zatiak errepidera erori ziren gidariak ezustean harrapatuz. Ez zen zauriturik egon. Diputazioaren arabera, "mendiaren haitzaren materialaren bilakaeraren ondorioz" gertatu ziren erorketok, eta, horregatik, Bidegiko sail teknikoak hura birgaitzea erabaki zuen.

Barruko instalazioak osorik berritzea eta tuneleko bi hodiei eustea eta estaldura sendotzea da helburua. Zehaztu dutenez, hodi horiek 1.200 metroko luzera dute noranzko bakoitzean. Bi tunelak lotzen dituzten bost ebakuazio-galeriak ere berrituko dira. Galeria horietako lau pertsonak ebakuatzeko dira, eta bat larrialdietarako ibilgailuetarako. Egitura indartzeko lanek horma-hobien bulonatze sistematikoa eta hormigoiaren edo gunatxoaren proiekzioa barne hartzen dituzte, tunel osoan zehar 25 cm-ko lodiera lortu arte. Lesarri iragazgaizteko, mintz iragazgaitz bat erabiliko da. Mintz iragazgaitz hori gunitako lehen eta bigarren geruzen artean proiektatuko da, eta haiekin kontaktuan solidotuko da.

Berrikuntza teknikoari dagokionez, luzetarako eta galerietako 20 haizagailuak berrituko dira, baita horien suebaki-uhateak ere. Argiztapenerako, egungo argien ordez LED teknologiako argiak jarriko dira.

Bi fase

Obrak bi fase ditu. Lehenengo honetan, 2023ko irailetik 2024ko apirilera bitartean, Gasteizerako norabideko hodia birgaituko da, itxi eta Behobiarako norabideko hodian bypass bidez trafikoa desbideratuz. Fase honetan, Ondartza zentroko trafikoaren jarraipena eta kontrola egiteko sistemak ere berrituko dira. Tunela Gasteiz noranzkoan berritzen amaitu ondoren, bi tunelak 2024ko maiatza eta iraila bitartean egongo dira irekita, udan irteera- eta itzulera-operazioekin sortzen den trafikoa arintzeko.

Udako etenaren ondoren, 2024ko irailean, hodia Behobiarako norabidean berritzeko obren bigarren faseari ekingo zaio

Udako etenaren ondoren, 2024ko irailean, hodia Behobiarako norabidean berritzeko obren bigarren faseari ekingo zaio berriro, eta trafikoak bypass-etik desbideratuko dira. Bypass hori hodi berrituan jarriko da, Gasteiz noranzkoan. Lanak 2025eko maiatzean amaituko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak