Mireia Gabilondo: "Askatasun osoa izan dut ekitaldi ofizialak antolatzeko"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko ira. 22a, 09:30

Mireia Gabilondok zuzenduko ditu Donostia Zinemaldiko galak. Argazkia: Heidi Otaduy.

Gaur, egubakoitza, abiatuko dute irailaren 30era bitartean egingo duten 71. Donostia Zinemaldia. Kursaal Auditoriumean egingo dute Inaugurazio-ekitaldia, 20:30ean. Aktore eta zuzendari Mireia Gabilondok (Bergara, 1965) izan du, aurten, ekitaldi hori eta jaialdiaren baitan antolatutako gehiago zuzentzeko ardura. Zinemaldian GOIENAko berriemaile Imanol Gallego izan da Gabilondorekin.

Zinemaldian GOIENAko berriemaile Imanol Gallego izan da Gabilondorekin.

Zer da zuretzako Zinemaldia?

Hamazortzi urte nituela, Donostiara ikastera etorri nintzenean, bizi nuen estreinakoz Zinemaldia. Hasierako urteetan, bereziki, oso inportantea zen guretzako, pelikula asko ikusteko aukera bakarra zen-eta; aste osoa pasatzen genuen, goizetik gauera filmak ikusten. Zinema berri bat ikusteko aukera bat zen niretzako Zinemaldia. Azkeneko urteetan jaialdiaren bueltan lan asko izan dudalako edo kanpoan lanean izan naizelako ez dut horrenbeste film ikusteko aukerarik, baina aurten, adibidez, gutxienez, lau film ikusteko asmoa dut. Gaur egun Zinemaldiaren baitan jai gutxi egiten dira eta oso gogoan ditut garai batekoak; Canal + telebista katearenak, esaterako, ikaragarriak ziren. Hori guztia desagertzen edo gutxitzen joan da, baina festa horiek garrantzitsuak zirela uste dut.

Baduzu Zinemaldiarekin lotzen duzun filmaren bat?

Orain dela urte asko ikusi nuen Kaurismäki zuzendariaren batek aztarna utzi zidan eta gogoan dut Parisen kokatutako etorkinei buruzko film oso indartsu bat ere bai.

Gertuko jaialdia izanda, baloratzen dela uste duzu?

Jaialdi garrantzitsua dela esango nuke. Zinemaldiak zerbait lortu badu hori da; jaialdi ona da eta eskaintzari dagokionez, badu bere nortasuna.

Ikusiko dituzun filmak aukeratuta dituzu?

Ez dut astirik izan kartelera ondo begiratzeko. Gaurko gala pasatuta, libre samar ibiliko naizen lau eguntxo izango ditut eta zinemara joateko aprobetxatu gura nuke.

Zinemaldiko hainbat galatan aurkezle lanak egin dituzu, baina, aurten, estreinakoz, zuzendari moduan jardungo duzu. Zer moduz?

Orain dela urte batzuk deitu zidan Jose Luis Rebordinosek orduko ekitaldia aurkezteko, baina ezin nuen eta ezezkoa eman nien, eta aurtengo maiatza edo ekaina inguruan deitu zidan berriz proposamen bera egiteko. Dei horretan eskaini zidan nik nahi nuen moduko gala bat prestatzeko eta hala egin dut, oso libre sentitu naiz galaren egitura sortzerakoan eta lantaldea osatzerakoan ere bai.

Gaurko Irekiera-ekitaldia zelakoa izango den aurreratuko diguzu?

Bob Pop umoristarekin batera osatu dut ekitaldiko gidoia, eta Eva Hache eta Gorka Otxoa izango dira aurkezleak; beraz, hortik aurreikusi daiteke ekitaldiak umoretik izango duela. Oinarrizko egiturari dagokionez, nahiko klasikoa izango dela esango nuke. Eszenatokian sartu-irten asko izango dira.

Zuzeneko musika ere izango da.

Hala da, bai; Gernikako Audience taldea ekitaldi osoan zehar taularen gainean izango da; gortinak eta atalak banatzeko bestelako musika-tarte denak zuzenean egingo dituzte, eta niretzako oso inportantea da hori. Kantari batzuk ere izango dira, baina ezin dut gehiagorik aurreratu...

Aldez aurretik ezagutzen zenituen lantaldeko kideak?

Otxoarekin, Audience taldearekin eta abeslariekin aurrez lan batzuk egin izan ditut. Eva Hache laguna dut, lagun komun batzuk ditugu Donostian eta hona etortzen denean elkartu izan gara eta aproposa iruditu zitzaidan duen nortasunagatik eta egin dituen gauzengatik aurkezle rola eskaintzeko eta pozik nago, proposatutako guztiari baietz esaten dit-eta. Bob Pop Bartzelonan ezagutu nuen behin, lagun komun batzuk ditugu eta egun pasa polita egin genuen. Gidoia osatzen laguntzeko proposatzeko deitu nion eta poz-pozik eman zidan baiezkoa.

Fronte ezberdinak dituzu aurtengo jaialdian, Sail Ofizialean lehiatuko den El sueño de la sultana filmean ere parte hatu duzu-eta. Pozik?

Ikaragarri pozten nau Donostiako zine jaialdiko Sail Ofizialean estreinakoz lehiatuko duelako animaziozko film batek eta bertako parte izatea plazera da. Isabel Herguera da zuzendaria eta garai bateko Gianmarco Serraren Begun Rokeya liburuan dago istorioa oinarrituta. Emakume jatorra, interesgarria eta artez beterikoa da Herguera eta harekin lana egiteko zortea izan dut. 2016an ezagutu nuen Fernando Bernues nire senarrarekin lan egin zuelako, eta ordurako proiektu hau lantzen hasita zegoen. Gerora, harremanari eutsi diogu, iazko Gabonak Italian elkarrekin pasatu genituen, esaterako; hortaz, oso gertutik jarraitu dut filmaren prozesu osoa.

Ikaragarria da lagun dudan hergueraren filma sail ofizialean izatea

Zure ahotsa entzungo dugu beste batzuen artean. Grabaketako zein oroitzapen dituzu?

Marrazki asko aurretik eginda zituen, baina pertsonaiak lantzeko orduan aktoreekin lan egitea gustatzen zaio Herguerari eta halako baten senarrari galdetu zion zein aktorerekin lan egitea proposatzen zion. Garai hartan Madrilen geunden Sisiforen paperak antzezlanarekin eta hori aprobetxatuta, goiz baten taldekide batzuk estudiora joan ginen pertsonaien ahotsak grabatzera. Goiz pasa polita izan zen eta pelikula ederra egin du gero Hergueraren lantaldeak. Zorterik onena opa diot!

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak