Amaia Santamaria: "Patroi konbentzionalak apurtzen saiatzen naiz"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ira. 15a, 10:36

Artista bisuala eta hezkuntza artistikoko irakaslea da Amaia Santamaria (Bergara, 1992) eta bost urte daramatza sorkuntza artistikoko tailerrak gidatzen. Garrantzia ematen dio irudimenari eta lan prozesuari teknikari baino eta ikasturtea urriaren 6an hasiko dute.

2018an hasi zen Amaia Santamaria Bearten egoitzan sorkuntza artistiko tailerra eskaintzen. Aurtengo ikasturtea urrian hasiko du eta ekainera bitartean margogintza, argazkigintza, irudigintza, eskultura eta collage diziplinak landuko dituzte ikasleek ekainera bitartean, egubakoitzetan, 17:00etatik 20:00etara. Oraindik eman daiteke izena.

Nola definitzen duzu sorkuntza artistiko tailerra?

Kurtso transdiziplinarra da. Teknika ezberdinak irakasten ditut eta horiek lantzeko ariketak proposatzen ditut. Gero, sustatzen dut sorkuntza prozesua aktibatzea. Norberak ematen ditu bere pausoak eta nik horretan laguntzen dut. Nire helburua da ikusaraztea teknika ez dela lan interesgarriak sortu ahal izateko bide bakarra. Gehiago zentratzen naiz prozesu sortzailean. Garrantzitsua ez da teknika, baizik eta teknikarekin zer egiten duzun eta zer zentzu duen egiten duen horrek.

Tailer transdiziplinarra da. Diziplinen arteko loturak egiten dituzu.

Saiatzen naiz hori egiten, orokorrean, oso ohituta baikaude dena banatzen: marrazkia alde batetik, eskultura bestetik... Baten ikasitakoak, besterako ere balio dezake eta elkarren artean nahastu daitezke. Bloke bakoitzean materiala sortzen dugu, baina aurreko atalean landutakoa ahaztu beharrean, hurrengo diziplinan erabiltzen dugu. Marraztu dezaket aurretik hasia nuen pintura bat...

Lan egiteko modu horretara erraz ohitzen dira ikasleak?

Esan bezala, diziplina batetik besterako aurkezpenean, aurretik ikasitakoa datorrenarekin erlazionatzen dut. Tendentzia da diziplina berriarekin hastean, aurrekoa ahaztea. Beraz, gogorarazi egin behar izaten diet landutakoa.

Zer da errazagoa, teknika lantzea ala sokuntza lana?

Teknika errepikapenez landu daiteke eta norbere kabuz ikastea errazagoa da egungo baliabideekin. Niretzat interesgarriena prozesua eta sormena dira eta saioetan giro ona eta erosoa lortu nahi izaten dut ideiak elkarbanatzeko. Esaten diet azaldutakoa bakoitzak bere interesera eraman eta ikusteko zerekin disfrutatzen duten.

Sorkuntzan kopiara jotzen dute?

Ez baduzu sorkuntzan praktika handia eta iruditeria aberatsa, askatasun guztia uzten duzunean, tendentzia da patroi konbentzionalak errepikatzea; beraz, horiek elikatzeko baliabideak eskaintzen ditut. Hona datozen askok teknika nahi dute, "ondo" marrazten ikasi. "Ondo" hori da eurendako artea dena, normalean, zerbait errealista. Saiatzen naiz hori apurtzen. Erreferente asko ikusten ditugu ideia asko hartzeko, konbentzioak apurtzeko, beste modu batean egin ahal dela ikusteko… Beste oinarri bat izaten hasten zarenean, iruditeria zabaltzen da eta errazagoa da gauza ezberdinak egitea. Kopiatzea aitzakia izan daiteke bidean ateratakoari aukera emateko. Mugak hain zurrunak ez direnean, erabaki gehiago hartu behar dira eta kurtsoan zehar segurtasuna hartu eta askatzen dira.

Zure iritziz, bergararrak irudimen handikoak dira?

Tradizioa badago eta pintoreak badaude, gehienak gizonak. Esan beharra daukat, nire klaseetara emakume gehiago etortzen direla. Hor bada zerbait. Jendeak esaten du: "Balio duzu edo ez duzu balio. Hori da jaiotzetik ona zaren edo ez". Ez da hala. Beste edozer bezala ikasi egiten da eta egin ahala aurrerapausoak ematen zoaz: erreferenteak ikusi, sortzaileen lanak ezagutu…

Tailer honetatik atera da ikaleren baten erakusketarik?

Ikasle emakumeek izan dute aukera M8-ko Bergarako emakume artisten erakusketan parte hartzeko. Bestela, baten batek bai, baina lehenagotik ere erakusketak egindakoak dira.

Esperientzia ez da beharrezkoa

Santamariak dio kurtsoa nerabe nahiz helduendako dela eta esperientzia ez dela beharrezkoa parte hartzeko: "Taldea oso heterogeneoa izaten da. Denetik dator". Azaldu du badirela teknika "oso ondo" menderatzen dutenak, baina ez direnak oso sortzaileak, edota alderantziz: "Teknika menderatzen dutenak ez dira teknizismo horietatik ateratzen; teknika gutxi dutenek, berriz, euren burua gutxiesten dute, baina, agian, sorkuntza gehiago daukate".

Urriaren 6an hasiko dira klaseak eta oraindik izena eman daiteke 690 25 14 50 telefonora deituta edo beart.elkartea@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Bestalde, aurreko urteetako lanak eta informazio gehiago Santamariaren @xaantz Instagram kontuan daude.

Ikasle batek egindako lan bat. (Argazkia: Amaia Santamaria).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak