Nerea Agirrezabal: "Sekulakoa egin dugu, sinistu ezinda gaude!"

Xabier Urtzelai 2023ko ira. 3a, 13:54

Nerea Agirrezabal, gaur, Kontxako Banderan. Argazkia: Iñaki Beitia.

Kontxako Banderako lehen jardunaldian traineru azkarrena izan da Tolosaldea. Bertako arraunlari Nerea Agirrezabalek portuko maldan erantzun ditu GOIENAren galderak, "trasteak batzen" zebiltzan bitartean. "Eguna Donostian pasatzeko aprobetxatuko dugu baina Alde Zaharrera gerturatu ere ez gara egingo. Hau ez da amaitu, datorren astekoa geratzen da".

Badakizue zer egin duzuen?

Oraindik ez, ametsetan gaude, laino artean. Goizean sinistu ezinda nengoen Kontxako Banderan lehiatu behar nintzelako, ametsetako bat bete behar nuelako, eta ordu batzuk geroago txandako azkarrenak izan gara.

Ez zeundeten faboritoen artean.

Ez, beste taldeetako ordezkariren bati entzun diogu gu ere kontutan hartzekoak ginela esaten, baina orokorrean ez ginen faboritoak, inondik inora.

Ligan lehiakorrak izan zarete, baina garaipen bat falta zitzaizuen.

Hori da, bigarren izan gara, hirugarren postuak lortu ditugu... Traineru guztien aurretik geratu gara momenturen baten, baina inoiz ez gara denei batera irabazteko kapaz izan. Gaur lortu dugu faboritoen aurretik geratzea.

Zelan bizi izan duzu estropada?

Ziztu bizian joan gara, inoiz ez gara horren azkar joan. Itsasoa bare-bare zegoen eta apenas hartu dugu olaturik. Joaneko luzean Arraun Lagunakekoak ikusten nituen, horiek ziren nire erreferentzia, eta ziaboga ona egin ostean Donostiarrak nituen bistan. Aurretik sartu dira ziabogara eta hor pentsatu dut joan egingo zitzaizkigula, baina ez. 39 paladetatik ez gara jaitsi, azken metroetan denok estutu dugu eta hor azkarrenak izatea lortu dugu.

Eta ondoren etorri dira ospakizunak...

Ezin genuen sinistu ere egin. Gure entrenatzaileak esaten digu horixe falta zaigula, gure buruan sinistea, eta arrazoi du. Gaur erakutsi dugu hor egon gaitezkeela. Uste dut gaurkoa inflexio puntua izan daitekeela, konfiantzan gora egingo dugula.

Zelako astea dator?

Lanean jarraitu behar dugu. Hau nire ustez Bandera bat irabaztea baino gehiago da, Kontxa delako, baina bandera benetan datorren astean erabakitzen da eta azkenera arte borrokatu behar dugu. Bihar entrenamendua izango dugu, asteartean atseden hartuko dugu eta ondoren buru-belarri domekakoa prestatzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak