Egun historikoa izan da Tolosako arraun taldearendako, Kontxako Banderako lehen txanda irabaztea lortu dutelako. Tolosarrek aurrez aurre izan dituzte, euren txandan, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia eta indarrak oso-oso parean egon dira. Hondarribia atzean geratu da joanekoan, baina beste hiru traineruen arteko lehia ez da azkenera arte erabaki. Izan ere, txanda osoan Donostiarra izan da aurretik joan den trainerua –alde txikiaz– baina behin badiara sartuta parean jarri dira hirurak eta ehunen gutxi batzuengatik irabazi dute tolosarrek (10.37.64).
Kontxako Banderaren lehen jardunaldia izan da hau, datorren domekan erabakiko da dena. Baina, zalantza barik, inoiz ahaztuko ez duten estropada egin dute tolosarrek. Izan ere, denboraldi osoan zehar Agirrezabalen taldekideak lehiakorrak izan badira ere ez dute Banderarik irabazi, eta gaur jaso dute merezitako saria.
- Tolosaldearen estropada ikusteko, egin klik hemen.
- Tolosaldekoen ospakizunak ikusteko, egin klik hemen.