Hareharria oinarri duen erakusketa domekara arte dago ikusgai Bergarako Aroztegi aretoan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ira. 1a, 10:51

Eva Kareagaren 'Lerroak' erakusketa Aroztegin. (Argazkia: GOIENA).

Domekara bitarte dago aukera Eva Kareaga algotarraren 'Lerroak' bildumako eskulturak, grabatuak eta argazkiak biltzen dituen erakusketa ikusteko; hilaren 8tik aurrera, berriz, Ilatargi astronomia elkartearen argazkiak egongo dira ikusgai.

Algortan bizi den lagun oñatiar batek animatu zuen Eva Kareaga (Algorta, 1992) Lerroak Bergaran aurkeztera. Eskulturak, grabatuak eta argazkiak uztartu ditu artistak Aroztegi aretoan domekara arte ikusgai dagoen erakusketan. Duela bi urte hasi zen bere jaioterriko hareharri hormak behatuta pieza ezberdinak egiten, baina denborarekin hasierako ideiak bilakaera izan duela aitortu du algortarrak: "Moldeekin hasi nintzen, baina eboluzionatzen joan naiz. Zenbait teknika ikasi ditut eta horien bilduma bat da".

Arkitektura ikasi bazuen ere, txikitatik izan du zeramikarekin lan egiteko zaletasuna. Horren ondorioz, zeramikako masterrarekin osatu zituen ikasketak, eta haiek amaituta hasi zen eskulturak sortzen. Hala ere, betidanik gustatu izan zaizkio eraikuntza lanak edota hormak: "Txikitan obren aurretik pasatzen nintzenean arreta handia jartzen nien". Bilduma hau, zehazki, Algortako hareharrizko hormen behaketekin hasi zen. Hormigoia, zeramika, beira, morteroa, altzairua, zura eta antzeko materialak nahastu ditu.

Prozesuaz galdetuta azaldu du buztinarekin hartu dituela hareharri hormen moldeak eta ondoren, labean sartu. "Pieza arkitektonikoagoak" ere sortu dituela dio: "Hormigoiarekin lan egiteko egurrezko enkofratua egin behar da, nahastu, sartu, lehortzen utzi... Egurrarekin ere idulkiak egin ditut tailerrean".

Algorta herriari keinua

Erabili dituen materialek Algorta sinbolizatzen dute Kareagaren hitzetan: "Algorta hareharri gainean dago eraikita, eta gero, gainean eraikuntza modernoa du; hau da, hormigoia. Kontuan izan behar da harri hura zela lehenengo hormen eraikuntza materiala. Materialak ere modernizatu dira eta horregatik erabili ditut hormigoia, kristala edota metala, besteak beste".

Domeka azken eguna

Abuztuaren 18tik Aroztegin dagoen erakusketa domekara arte ikusi ahal izango da: gaur, 18:00etatik 20:30era; zapatuan, 12:00etatik 14:00ra eta 18:00etatik 20:30era; eta, azkenik, domekan, 12:00etatik 14:00ra.

Unibertsoa begien aurrean

Debagoiena mailako Ilatargi astronomia elkartearen Unibertsoari begirada; unibertsoko mirariak kameratik ikusita erakusketa izango da ikusgai hilaren 8tik 24ra bitartean Aroztegin. Argazkilaritza gustuko duten elkarteko kideek ateratako argazkiak jasotzen ditu bildumak eta protagonista zerua bada ere, hainbat gai daude irudi batean harrapatuta; hala nola, astroak, konstelazioak, kometak edota ilunabarrak. Mikel Lasa da elkarteko kide eta parte-hartzaileetako bat eta adierazi du urteetan zehar atera dituzten eta gordeta zituzten argazkiak direla.

Lasak gaineratu du datozen asteetako erakusketa badela astronomia taldea ezagutarazteko modu bat, baina argazkilaritza gustuko duten horiei ere egin die deia: "Argazkilaritza munduan sartuta eta gaueko argazkilaritzari buruzko interesa duenak posible du gurekin kontaktuan jarri eta egiten diren behaketa nahiz halako saioetan parte hartzea".

Erakusketaren ordutegia honakoa da: martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatuan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30, eta domeka nahiz jaiegunetan, 12:00-14:00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak