Mikael Corre: "Sexu-abusuek markatutako kongregazioa da Bergarako mojena"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko uzt. 26a, 08:17

'La Croix' hedabideko ikerketa kazetari Mikael Corre. Argazkia: Bruno Levy - La Croix.

Bergarako mojen Maria Stella Matutina kongregazioaz idatzi du La Croix hedabideko kazetari Mikael Correk (Brest, Bretainia, 1987) eta dio, besteak beste, 2013an sexu-indarkeria kasuak gertatu zirela komunitate horretan: "Ahizpek ez dute sekula halakorik berretsi".

Frantziako La Croix hedabideko kazetaria da Mikael Corre (Brest, Bretainia, 1987). Erlijioen Soziologia ikasi zuen Parisko Gizarte Zientzien Goi Eskolan, eta komunitate katoliko garaikideetan espezializatu zen. Gero, Parisen Kazetaritza ikasi ondoren, Le Monde hedabiderako erlijio gaiekin aritu zen lanean, eta gaur egun La Croix-en dihardu, 1880ean asuntzionisten kongregazio katolikoak sortu zuen egunkari orokorrean. Hain zuzen ere, La Croix egunkarirako erreportajeak argitaratu zituen Correk uztailaren 11n eta 12an, Maria Stella Matutina kongregazioaren sortzaile Marie-Dominique Philipperi eta beste elizgizon batzuei leporatutako sexu-abusuen eta beste delitu batzuen bueltan; kongregazio horretako mojak dira 2012 urtetik Goenkaleko komentuan bizi direnak. Ikerketa lan horretatik tiraka jarri da GOIENA kazetari frantziarrarekin harremanetan.

'La Croix' egunkariaren uztailaren 11ko eta 12ko erreportajeen lehen orriak.

Fededun katolikoa zara? Hala bada, zein da zure iritzi pertsonala Maria Stella Matutina kongregazioaz?

Katolikoa naiz, eta idazten dudan egunkaria ere bai, nahiz eta eguneroko albiste orokorrak ere lantzen ditugun. Pertsonalki, nire fedearen eta kazetaritza praktikaren arteko bereizketa zorrotza egiten dut. Nire lana gertakariak biltzea eta egiaztatzea da, ez nire iritzia ematea. Beraz, ez daukat Maria Stella Matutinaren ahizpei buruzko iritzirik, galdera bat baizik: nola aitortu dezake gaur egun Vatikanoak sexu-abusatzaile bati benetako kultua eskaintzen dion halako komunitate bat, mundu osoko elizbarrutietan etxeak erosi dituena martxan jarraitzeko? Sexu-abusatzaile hori Marie-Dominique Philippe da, 2009ra arte Maria Stella Matutinaren ahizpak izan ziren Saint-Jean komunitatearen sortzailea. 25 emakumek salatu zuten Philippe; biluzteko edota felazioak egiteko eskatzen zien "orientazio espiritualaren" parte gisa. Gainera, leporatzen diote haren odoleko anaia Thomas Philipperekin batera –erasotzailea hura ere– beste hainbat komunitatetan sexu-indarkeriaren kultura sustatu izana. 2023ko ekainaren 26an argitaratutako 800 orrialdeko txosten baten arabera, komunitate horretako 72 apaizek sexu-erasoak egin zituzten 1975 eta 2022 urteen artean. 167 biktima identifikatu zituzten, baina Maria Stella Matutinaren ahizpa batek ere ez zuen frogarik eman. Lortu ahal izan ditudan testigantzen arabera, ahizpa horiek sexu-indarkeria horren errealitatea ukatzen jarraitzen dute edo gezurtzat jotzen dute.

"Komunitate iluna da haren jatorria, Vatikanoarekin duen lotura eta abar argitzeko"

Zein izan da ikerketaren helburua?

Hasteko, istorio hau kontatu nahi nuen. Ez da inoiz egin. Maria Stella Matutinaren ahizpak ilunak dira euren jatorriaz, Vatikanoarekin duten harremanaz... berba egiteko. Gauzak argi azaldu nahi nituen, mojen familiek, moja izan nahi duten gazteek, komentuen ondoko bizilagunek –labur esanda, interesa izan zezakeen edonor– informazio fidagarria izan zezaten. Bergarako Maria Stella Matutina ahizpen arduradunei egin nien galdera nagusietako bat honako hau izan zen: "Nire lehen galdera zuen sortzaile Marie-Dominique Philippe edota haren beste anaia edo anaia ohiek Sant-Jean komunitateko mojen aurka egindako sexu-indarkeriari buruzkoa da. Nola ziurtatu dezakezu zuen komentuan biktimarik ez dagoela?". Hauxe izan zen jaso nuen erantzuna: "Ez dirudi argitalpen erlijioso baterako ikerketa bat denik... Bergarara etorri zinenean zuk zeuk erakutsi zenituen zalantza eta konfiantza faltarekin egingo du topo ikerketak. Hobe da isilik egotea; ez dugu erantzunik emango".

Baina zuk aurrera egin zenuen...

Aita Marie-Dominique Philipperen aberrazioez hitz egiten denean, maiz hitz egiten da antzinako gertakariez. Istorio honekin kontatu nahi izan dut oraindik ere badagoela komunitate bat Bergaran, Euskal Herrian, non jendeak oraindik gurtu egiten duen, haren ideia desbideratuak zalantzan jarri gabe. Ulertu behar duguna da sexu-erasotzaile hori oso lider karismatikoa zela, Friburgoko [Suitza] filosofo aitortua. Sexu-erasoak ezin ditugu ulertu haien atzean dagoen ideologia osoa ulertzen ez badugu. Philippe "adiskidetasun maitasunaz" aritzen zen etengabe; Aristotelesen filosofiatik datorren kontzeptua da, mojekin harreman sexualak legitimatzeko aukera ematen ziona. Bergaran, Italian, Ameriketako Estatu Batuetan, Mexikon, Filipinetan, Irlandan eta beste leku batzuetan dituzten beste komentuetan bezala, Maria Stella Matutinaren ahizpek "adiskidetasun maitasunaz" hitz egiten jarraitzen dute. Urtero, ahizpek Marie-Dominique Philipperen heriotzaren urteurrena ospatzen dute otoitz liburuan jasotako liturgia berezi batekin. Santua da haientzat! Gainera, kaseteetan grabatutako bere irakaspenak entzuten jarraitzen dute –orain, seguruenik, digitalizatuta izango dituzte grabazio horiek–. Haren erretratu handiak nonahi daude Bergarako hormetan eta beste komentuetan.

"Oztopo nagusia? Ez zidaten utzi komentuan sartzen eta ez zituzten nire galderak erantzun"

Zeintzuk izan dira zure ikerketan topatu dituzun oztopo nagusiak?

Oztopo nagusia izan zen mojek Bergarako komentuan sartzen ez uztea, eta nire galderarik ez zutela erantzun. Zorionez, beste iturri batzuk aurkitu nituen; adibidez, komentua utzitako hainbat ahizpa ohi. Lehenik Kordoban eta gero Bergaran finkatzen saiatu ziren, eta hori ulertzea asko kostatu zitzaidan. Zergatik egin zuten hori? Ez zekiten gaztelaniaz, eta, are gutxiago, euskaraz. Ulertu nuena zera izan zen: haien etxe berri bat aurkitzeko nahiak bat egin zuela apezpiku espainiar kontserbadoreek katolizismoaren aurpegi berri bat aurkezteko nahiarekin. Hain zuzen ere, Euskal Herrian ahizpei harrera egin zien Jose Ignacio Munillak, euskal nazionalismoaren oso kontrakoa den apezpikua, eta inguruko elizgizon aurrerakoiagoak urrundu dituenak. Munillaren aginduetara dauden apaizen %77k izendapenaren aurkako eskaera sinatu berri dute. Joxe Arregi euskal teologoak esan zidan bisitan egon nintzenean: "Munillak ahizpa hauengan ikusi zuen aukera elizbarrutia modu batera edo bestera zuzentzeko, eta gizartea berreskuratuko duen katolizismoa gorpuzteko".

Bergaran kokatutako kongregazioa sekta bat dela esango zenuke?

Zehatzago esango nuke Saint-Jeanen kontenplaziozko ahizpen komunitateari dagokion kongregazioa dela, eta duela hamar urte zentzugabekeria sektarioak identifikatu zirela bertan: sexu-indarkeria, familiei ezkutatutako suizidio saiakerak, laguntza psikologikorik eza, familia-loturak etetea... Komunitate horren zati batek erreformari uko egin zion eta alde egin zuen; horiek dira Bergaran amaitu eta Maria Stella Matutina direla diotenak. Baina eroena da komunitate hori gaur egun Elizak aitortu egiten duela. Aurrekari batzuk emango dizkizut, azkar-azkar: gerora Maria Stella Matutina izango zen taldea 2009ko udan desagertu zen; haien arduradun zen Lyongo gotzainak desagerrarazi zuen, komunitateko buruzagiak manipulatzaileak eta zenbait gehiegikeriaren erantzule zirela iritzita. Buruzagi hauek ezkutatu egin ziren, eta ondoren ahizpa gehienak. 2009an Mexikon komunitate bat birsortzeko saiakera egin zuten lehen aldiz, baina Vatikanoak debekatu egin zuen. 2012an lortu zuten Kordoban elkarte bat sortzea, Demetrio Fernandez gotzainak onetsia, baina Vatikanoak 2013an atzera bota eta kongregazio honen eraketa berriak debekatu zituen. Hala ere, 2014an, aita santuak Bergarako Maria Stella Matutinaren estatutuak balioztatu egin zituen. Nola ulertu behar da hau? Aita santua aldatu egin zela; 2013ko erabakia Benedikto XVI.ak hartu zuen eta 2014ko erabakia, berriz, Frantzisko aita santuak.

Zure ikerketaren ostean, zer esango zenuke dagoela Maria Stella Matutina kongregazioaren atzean?

Ez dut uste ezkutatutako azpikeria zehatzik dagoenik; hainbat faktoreren konbinazioa da. Lehenik eta behin, euskal gotzain kontserbadore batek, Munillak, gustuko zuen katolizismoaren aurpegi bat –gaztea, jai-zalea...– erakusteko nahia. Bigarrenik, Vatikanoko gobernantza arloko arazo handi baten ondorio ere bada. Eta, azkenik, moja batzuen aldetik boterean jarraitzeko nahia, komunitate jakin baten kontrola mantentzeko gogoa.

Zeintzuk izan dira hori guztia ahalbidetu duten arduradun nagusiak?

Arduradun mojak izan dira Alix Parmentier, Marthe Hubac, bikia den ahizpa Isabelle Hubac eta beste laugarren ahizpa bat. Bizitza erlijiosotik kanpo geratu ziren ofizialki, hori izan zen Frantzisko Aita Santuaren erabakia 2014an; Eta kongregazioa baztertzeko dekretuak 2014an bertan bidali zituzten, baina ez zieten kasurik egin. Vatikanoak, baina, urrats eraginkorra egin zuen... 2021ean. Alegia, zazpi urte geroago. Eta ondo dakigu denok alferrikakoa izan dela! Izan ere, Vatikanoak zigortuta egon arren, jarraitzaile asko dituzte oraindik Espainiako Elizan. Alix Parmentier 2016ko otsailean hil zen; haren omenezko hileta elizkizunak ohore handiz zuzendu zituen 2019ra arte Toledoko artzapezpikua izan zen Braulio Rodriguez Plazak. Parmentierren gorpua Toledoko Almonacid herrian dago; han lurperatu zuten, mojei egiten zaizkien ohore guztiekin, eta Vatikanoak hori debekatuta dauka. Bestalde, gutxienez 2017ra arte, ahizpa Isabelle Hubac izan zen Italiako Fontanellatoko komentuko burua. Eta Marthe Hubac ahizpa, hainbat iturriren arabera, Bergaran egoten da aldizka; komunitateko buru ez-ofiziala da, baina ahizpa gehienen ahalordeduna eta "zuzendari espirituala". Edozelan ere, istorio honek agerian uzten du mundu mailako agintari katoliko gorenek sexu-indarkeriak markatutako komunitate disidente bat lehen lerroan jartzeko duten ezintasuna.

"Bergarako ahizpei kontatu diete deabrua eraso egiten ari zaiola komunitateari"

Zure ustez, Bergarako mojak engainatuta bizi dira komentuan?

Ez nuke esango engainatuta bizi direnik, baina bai esango nuke sorgindu egin dituztela. Bergarako ahizpek ezagutzen dute euren istorioa, baina 2009a ezkero kontatu diete deabrua komunitateari eraso egiten ari zaiola. Esaldi hori Marthe Hubacena da, zalantzak dituztenei edota zenbait gauza zalantzan jartzen dituztenei begira. Bergaratik igarotako ahizpa ohien lekukotasunek 2009an identifikatutako presio mental berberak azaleratzen dituzte, neke bera, depresio berberak... 2017an komunitatea utzi zuen Nadege Cambon ahizpak honako hau esan zidan, adibidez: "Benetan neure burua galtzen ikusi nuen, izugarri sufritu nuen". Beste moja ohi batek ere zera esan zidan: "Komentutik irten nintzenean, nire izaera guztiz suntsituta zegoela konturatu nintzen". Azken ahizpa horren arabera, 2010eko hamarkadaren erdialdean gutxienez 50 moja larritasun psikologikoan zeuden Stella Matutinako hainbat komentutan. Haietatik zenbat dira Bergaran egoera horretan daudenak? Oraingoz, ezin jakin.

Zerk harritu zaitu gehien ikerketa lanaren bidean?

Gehien harritu nauena da emakume gazte asko komunitatean sartu izana. Badakit haietako batzuk krisiaren gorenean sartu zirela, 2009an eta 2013an. 2013an, ahizpak Espainian zeuden dagoeneko, eta ez zieten moja abiturik janzten utzi. Batzuek ilea ere moztu zuten. Bitxia iruditzen zait, baina, egoera honek horrenbeste mojagai erakarri izana. Horren inguruan hitz egin nuen Bergarako kongregazioan sartzeko asmoa zuen emakume gazte batekin –aste batzuk bakarrik eman zituen han–. Esan zidan erakarri zuena erradikaltasun hori izan zela, "erresistentzian gaude" delakoaren alderdi hori. Eliza garbienera batzearen ideia, puruenekin egotearena. Dena den, uste dut krisi garaian komunitate osasuntsu batek erreklutatzeari utzi egin behar diola. Baina hori ez da gertatzen Maria Stella Matutinarekin.

Bergarako mojak bereziki zaurgarriak direla esango zenuke?

Ez dut uste eragin sektarioen edo aberrazioen biktima izateko bereziki zaurgarria izan behar duzunik. Maria Stella Matutinako ahizpa askok goi mailako ikasketak dituzte: Zientzia Politikoak, Filosofia, Arkitektura.... Hori izan da beti komunitate horren profilik gustukoena –ezin da ahaztu sortzailea filosofo bat izan zela–. Askotan, bi uste oker ditugu kultu berezi horiei buruz: lehena da biktimak nahitaez sinpleak eta inozoak direla. Faltsua izateaz gain, arriskutsua ere bada horrela pentsatzea. Besteei bakarrik gertatuko zaiela pentsa daiteke: "Ni, sorginkeria baten biktima? Inoiz ez". Baina errealitatea da denok ditugula mugak, ahultasun psikologikoak eta momentu zailak bizitzan zehar. Eta bigarren uste okerra da komunitate mota hori ezin dela desbideratu, ahizpak ederrak direlako, oso alaiak direlako... Aberrazio sektarioak dituen komunitatea ez da inoiz jendea kateatuta eta triste dagoen ziega ilun eta heze bat. Ez luke funtzionatuko! Jarraitzaileek alde egingo lukete! Talde beroa, hunkigarria eta inklusiboa dirudi beti! Laburbilduz, ezerk ez du sekta baten antza, sekta bat dela onartzen den arte.

"Halako erreportajeak kaleratu beharrarekin ez gaude pozik, baina, zorionez, ez gaude bakarrik"

Ohikoak al dira Elizaren bueltako ikerketa lanak La Croix egunkarian?

Zoritxarrez, bai. Elizak ondo egiten dituenak ere jorratzen ditugu, baina Eliza barruko sexu-indarkeria moduko hitz bat askatzeak eta hainbat komunitate sortzaileren inguruko errebelazioek, Marie-Dominique Philippenak kasu, mota horretako ikerketak argitaratzera behartzen gaituzte. Ez gaude pozik, baina, zorionez, ez gaude bakarrik. Horren adibide da 2021ean kaleratu zen txosten bat agindu zuela CIASEk, Frantziako Elizan sexu-abusuei buruzko adituen batzorde independenteak. Emaitza beldurgarriak eman zituen, baina planteamendua ausarta izan zen. Horrez gain, egia osoa esateko, aitortu beharra daukat ezin dudala itxaron beste gai batzuei buruz idazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak