Bergarako herri-lur ez-urbanizagarrien diagnostikoa egiteko lanetan ari da Udala. Martitzenerako, hilak 11, bilera irekia deitu zuten udaletxean eta 22 bat lagun bertaratu ziren. Helburua da Udalarenak diren lurren gaineko diagnostikoa egitea, aurrerago ekintza plan zehatza garatzeko.
Errez kooperatibakoak gidari
Bilera irekiaren aurretik, ekainaren 27an, gaian inplikatuta dauden eragileekin ere elkartu ziren diagnosia egiteaz arduratuko den Errez kooperatibakoak; besteak beste, Deba Garaiako Landa Garapena, Pol-Poleko Mendia Bizirik elkartea, Hirumendi, Kukubaso eta Gipuzkoako Basozainen Elkartea –azken horiek dira lurjabeekin harremanetan daudenak–. Aurrerago, herriko auzo alkateekin ere egoteko asmoa dute; betiere, herri-lur ez-urbanizagarrien gaineko diagnostiko ahalik eta zehatzena izateko. Udalak espero du dokumentu hori urrirako amaituta izatea, dirulaguntza bati ere lotuta dago-eta proiektua.
Udalean Baso-Mahai bat sortuko dute, eta espero dute irailean hastea martxan
260 bat hektarea bakarrik
Bergarako lursailen %3 bakarrik da Udalarena, 260 hektarea inguru. Bada, lursail horietara joango dira Errez kooperatibakoak, eremu horien ezaugarri nagusiak zehaztu eta bertan egin ahalko diren esku-hartzeak proposatzeko. Kukubaso elkartea da gaia gertutik jarraitzen ari den eragileetako bat, 2021eko maiatza ezkero hainbat ekintza egin dituena pixkanaka bertako basoa berreskuratzen joateko. "Hurrengo ikasturtera begira Udalean sortuko den Baso Mahaian itxaropena dugu jarrita, gure helburuak betetzen joateko bitarteko eraginkorra izango dela sinistuta gaudelako", adierazi du Kukubasoko presidente Ainhoa Agirrebeñak. Udaleko mahai berri hori irailean hasiko litzateke martxan, hain zuzen ere, Errez kooperatibakoek herri-lur ez-urbanizagarrien gaineko diagnostikoa amaitzear izango dutenean.
Herri-lurretan hasita daude lanean
Diagnostikoa egin aurretik ere, Udalak eta Kukubasok deitu dituzte zuhaitz landaketak Udalarenak diren lurretan. Adibide garbiena da Gorla inguruko Erreziñategi eremu zurituan otsailaren 25ean egin zen landaketa. 60 lagunen artean 1.090 zuhaitz landatu zituzten; Kukubasok inoiz deitu duen zuhaitz landaketa handiena izan zen hura.