Uztailean egiten den Berumugaren bigarren kontzertua izango da gaur gauean 22:00etan, eta euskal herritarrak eta frantziarrak izango ditu protagonista. Iker Piris & His Dual Electras hirukoteak girotuko du Espoloia rhytm&blues eta boogie doinuekin. Taldekide ditu gitarra-jole, abeslari, konpositore eta hainbat taldetako liderra den tolosarrak Abdell B. Bop kontrabaxu jotzailea eta Andy Martin bateria, eta kaleratu duten Electra diskoa aurkeztuko dute Bergaran.
Gainera, gonbidatu bereziarekin arituko dira oholtzan, hain zuzen ere, Nirek Mokar piano jotzaile paristarra izango baitute alboan. Piris eta Mokar Debagoienean emanaldia elkarrekin eskainitakoak dira; otsailean, Aretxabaletako Arkupe kultura etxean jo zuten.
Lehen aldiz Berumugan
Iker Pirisek lehen aldia izango du Bergarako Udalak eta Gaztelupeko Hotsak-ek antolatzen duten musika zikloan. Arrasate Irratiak Bergarako musika ziklo horri eskainitako podcastean Gaztelupeko Hotsakeko kide eta jaialdiaren antolatzaile den Ubane Uzinek kontatu du beste urte batzuetan gonbidatu dutela tolosarra, baina, beste hitzordu batzuk medio, ezezkoa jasotzen zutela: "Harekin egon ginen az- kenekoan baietz esan zigun eta data jarri genuen. Gero, handik tarte batera esan zigun Nirek Mokarrekin etorriko zela". Gaur egun kolaborazioak egitea "oso modan" dagoela azaldu du Uzinek, baina Pirisek "aspaldi" deskubritu zuela lan egiteko modu hori.
Parisko piano jotzailearen ibilbidea goraipatu du Uzinek: "Oso aukera ona da pianista hori gertutik ikusteko. Sekula- ko ibilbidea du hogei urte inguruko gazteak. Ez dakit non amaituko duen, baina haren ibilbidea gorantz doa eta aukera ona da oraintxe ikusteko". Gainera, azpimarratu du Berumugan "askotan" gertatzen dela goia jotzeko bidean dauden musikariak etortzea.
Hilaren 21ean eta 28an, Galiziako Family Folks eta Kataluniako Sweet Marta & Johnny Bigstone taldeek joko dute Espoloian.