Lemoizko alkatetza, bergarar baten eskuetan

Miren Arana Pagaldai 2023ko eka. 23a, 11:54

Jesus Mari Arizmendi, zapatuan, alkate-makilarekin eskuetan.

1996an Lemoizera bizi izatera joan zen Jesus Mari Arizmendi bergararra izendatu dute Lemoizko alkate berri. 40 urte ostean, ezker abertzaleak inoiz lortu ez duena lortu du aurten EH bilduk: oposiziotik irten eta lehenengo indar bihurtzea

Historian lehenengoz irabazi du Lemoizen ezker abertzaleak, EH Bilduk; herriko makila eskuz aldatu da –EH Bilduk 5 zinegotzi eta EAJk 4–eta bergarar baten eskuetara iritsi da. Jesus Mari Arizmendi da 1.314 biztanle dituen Bizkaiko kostako herriko alkate; boto gutxigatik bada ere, EH Bilduk EAJ baino zinegotzi bat gehiago eskuratu zuen udal hauteskundeetan: bost EH Bilduk eta lau EAJk. Arizmendiren hitzetan, "inoiz lortu ez dena" lortu dute aurten: ezker abertzaleak irabaztea.

Lemoizen eta alkate

"Unibertsitate garaian irten nintzen Bergaratik", dio alkateak; Leioan ikasi ostean, han aritu zen lanean, eta 96an joan zen Lemoizera, ezkondu ostean. Zerrendetan sartu aurretik, euskal eskolaren alde borrokan aritu zen Arizmendi, herrian zegoen guraso mugimenduan; eta, behin sortuta, haurrak eskolan zirela, guraso elkartean ere aritu zen "buru-belarri" lanean. Militantzia handia eskaini dio herriari iritsi zenetik: "Haurrek eskola amaitu zutenean, Gure Eskun ere parte hartze oso handia izan nuen, eta, azkenean, duela lau urte erabaki nuen zinegotzi aurkeztea".

Bergararekiko lotura "guztiz hautsi" ez den arren, jaioterrian "oso gutxitan" izaten dela adierazi du: "Etxea mantentzen dugu anaiak eta biok, baina ez gara maiz joaten Bergarara; hala ere, behar edo nahi dugunean badaukagu nora joan. Beraz, lotura ez dago guztiz apurtuta".

Gogoratzeko eguna

Zapatuan jaso zuen Jesus Mari Arizmendik Lemoizko alkatearen makila, eta eguna "hunkigarri eta ahaztezin" bezala gogoratzen du: "Lemoizen inoiz ez du ezker abertzaleak irabazi; oraindik lur hartu gabe gaude, nahiz eta momentuko euforia amaituta egon. Sentimendu kontraesankorrak dituela ere adierazi nahi izan du, "arduratuta baina ilusioz" dagoela EH Bilduren taldea: " Nahastu egiten zaizkit sentimenduak; herriak gugan jarri du konfiantza, eta, kalerik ez egiteko, ilusioz eta gogoz egingo dugu lan".

Aurrera begira

Alkatearen hitzetan, zapatuan egin zuen diskurtsoa "motza baina esanguratsua" izan zen; EH Bilduren alde lan egindako guztiei aitortzak eta eskerrak tokia izan zuten, baina "aurrera begirako lanak" hartu zuen protagonismoa: "Datozen lau urteetan lan egiteko modua aldatu egingo da; gure programan argi adierazita dago herri txikia izanik beste modu batean funtzionatu beharko genukeela. Herritarren parte-hartzea bultzatu eta talde politikoen arteko elkarlana sustatu beharra dago".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak