Bi erronka eta zazpi lan ildo, eskola segregazioaren auzia lantzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko eka. 14a, 15:16

Bergarako eskola segregazioaren auzia lantzeko lantaldea.

2021ean sortu zuten Bergarako Hezkuntza Mahaia, eta segregazioaren auziari konponbide bat emateko, lantalde bat osatu zuten iaz. Diagnostiko partekatu bat landu dute, eta ateratako ondorioak gogoan izanda, aurrerantzean garatzeko puntuak zehaztu dituzte.

Bergarako Udalarekin batera, herriko hezkuntza formaleko eta ez formaleko hamabi ikastetxek eta eragilek osatzen dute hezkuntza mahaia zein lantaldea, eta eginiko diagnostikoak "begirada partekatu bat" izaten lagundu die. "Etorkizuneko esku-hartzeetarako baldintza onak sortzea ahalbideratu digu". Hala, bi erronka zehaztu dituzte, horiek erdiesteko zazpi lan ildo garatzearekin batera.

Erronkatzat dute herri kohesioa, aniztasuna eta parte-hartzea sustatzea, horretarako lau lan ildo ezarrita: atzerriko komunitateen parte-hartzea bultzatzea herrian; Udaleko Txartel Sozialaren sorkuntza sustatzea; segregazioa lantzeko mahaia mantentzea eta kontzientziazio lana egitea; eta hezkuntza eragileen eta Udaleko sailen arteko koordinazioa sendotzea. Horrez gain, erronkatzat dute eskola segregazioari aurre egitea eta ikasleen partaidetza sustatzea ere, hiru lan ildorekin: eskolaz kanpoko jardueretan atzerriko jatorria duten ikasleen presentzia bultzatzea; eskolatze mahaia sortzea; eta hezkuntzako etapa guztietan atzerriko jatorria duten ikasleen parte-hartzean eragitea eta etorkizunean bermatzeko urratsak egitea, emakumeengan arreta jarrita.

Beraz, aurrerantzean, ezarritakoak betetzen arituko dira. Alabaina, aurreratu dute hiru direla lehenetsi dituzten lan ildoak: "Eskolatze Mahaia sortzea, atzerriko komunitateen parte-hartzea sustatzea eta eskolaz kanpoko jardueretan atzerriko jatorria duten ikasleen presentzia bultzatzea". Hala ere, ohartarazi dute uneoro izango dituztela gogoan "momentuko erronka sozialak eta behar komunitarioak", helburu baitute "Bergara kohesionatu, iraunkor eta justuago bat eraikitze bidean herritarrak ahalduntzea eta ikuspegi komunitarioa indartzea".

Diagnostikoko ondorioak

Lantaldea osatzen dutenek hainbat ondorio atera baitituzte erronkak zehazteko. Esate baterako, segregazioaren inguruko diagnostikoan ondorioztatu dute "eskaintza anitza eta zabala" dagoela Bergaran hezkuntza formalean eta ez formalean, baina "beharrezkoa" dela segregazioari aurre egiteko lanketa. "Jarduera segregatuak egon baitaude, sexua eta jatorriaren araberakoak". Horrez gain, erantsi dute atzerriko jatorria duten herritarrak daudela herrian, baina ez direla "komunitate bakar gisa" irudikatu behar.

Hezkuntza formaleko datuak ere eman dituzte egoeraren berri izateko. "Ikasle etorkinek ikasle guztiekiko osatzen duten ehunekoa ez da %10era iristen derrigorrezko etapetan, eta ezta Haur Hezkuntzan eta Batxilergoan ere". Aldiz, nabarmendu dute Lanbide Heziketan %11koa dela –gehiengoa, gizonezkoa–, eta, helduenean, %54koa. Halere, zehaztu dute azken urteetako matrikulazio datuen arabera, atzerriko jatorria duten pertsonen matrikulazioa "orekatzen" ari dela ikastetxeetan, oraindik "ezberdintasunak" dauden arren.

Hezkuntza ez formalari dagokionez, ordea, bestelakoa da egoera, aitortu baitute badagoela non erreparatu. "Ikasle etorkinen parte-hartzea oso txikia da, ludotekan eta eskola errefortzuetan izan ezik".

Parte hartzaileak

Bergarako Udalarekin batera, Angiozarko eskola, Aranzadi ikastola, EPA, Bergara Herri Hezitzailea, Ipintza institutua, Jardun euskara elkartea, Mariaren Lagundia ikastola, San Martin Agirre ikastetxea, Miguel Altuna LHII, Bergarako Musika Eskola, UNED eta Zehar Heziketa –Gaztelekua eta kale heziketa– dira parte hartzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak