Indarkeriazko gertakariak aztertzeko tresna aurkeztu du Bergarako Bizikidetza Mahaiak

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko eka. 10a, 17:16

Zapatu goizean osoko bilkuren aretoan egindako aurkezpena.

Bergarako Udala osatzen duten alderdiek bizikidetzaren inguruko elkarrizketa politikoa egin dute, eta prozesua azaltzen duen kontakizun korala ere bai. Goizean egin dute agerraldia udalbatza osatzen duten hiru alderdietako ordezkariek eta egindako ibilbideak emandakoa azaldu dute.

Udalbatza osatzen duten hiru alderdiek osatzen dute Bizikidetza Mahaia eta duela bi urtetik hona, ekimena martxan jarri zutenetik, hilero elkartu dira kanpoko dinamizatzaile batek lagundutako bi orduko elkarrizketa saioetan. Prozesua kide hauek burutu dute: Gorka Artola, Ainhoa Lete, Nagore Iñurrategi, Juan Luis Gonzalez eta Ekaitz Aranberri EH Bildutik; Irune Galarraga eta Angel Murgiondo EAJtik; eta Alberto Alonso PSEE-EEtik.

Elkarrizketa esparru politiko horietan helburu izan dute espazio zaindu eta zintzo bat sortzea, ikuspegi edo ordezkaritza politiko ezberdina duten pertsonen arteko harremanak normalizatzea eta iraganari aurre egitea, indarkeriak eragindako minak ikusaraziz eta jorratutako dinamikak azaleratuz.

Orain arte egindako lana ezagutzera ematea adostu zuten martxoan, baina aurkezpena hauteskunde girotik kanpo utzi nahi zuten eta gaurko, zapatua, egin dute. Udal hauteskundeak igarota, Bizikidetza Mahaiaren osaketa ere aldatu egingo da, eta aurkezpena ziklo baten itxiera moduan ulertzen dute; ez, ordea, prozesuaren amaiera bezala. Etorkizuneko erronkak izango dira tresna hori egoera zehatzetan aplikatzea eta denontzat praktikoa den formatu bat ematea.

Udalean ordezkaritza duten hiru alderdien konpromisoa da bizikidetza prozesu honekin aurrera egitea. Beraz, legealdi berrian helburu nagusia elkarrizketa espazioa osatuko duten pertsonek lan dinamika horri eustea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak