Dena dago gertu Ekinez jaialdiak eztanda egin dezan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko eka. 9a, 14:04

Ekinez musika elkarteko Julen Iñarra eta Oier Aperribai, atzo, Ekinez jaialdirako prestaketa lanak atzean dituztela.

Bergarako Ekinez musika jaialdiaren bigarren edizioa egingo da gaur eta bihar Labegaraietan, iazkoarekiko hainbat berrikuntzarekin; iaz baino hamar talde gehiago zuzenean, karpa bana izango duten bi gune eta beste hainbat aldaketa egongo dira.

Heldu da Bergarako Ekinez musika jaialdia, Agorrosin futbol zelaitik Labegaraietara. Bi egunetan datu esanguratsuak utziko ditu jaialdiaren bigarren edizioak: askotariko 28 musika talde zuzenean, karpa bana izango duten Ekinez eta Eginez guneak, jana eta edana izango dituen atseden-gunea, marka alternatiboen azoka, kanpalekua, furgoneta eta autokarabanendako gunea eta 3.000 lagun baino gehiago elkartzeko aurreikuspena.

Julen Iñarra, Ekinez musika elkartea: "Ekinez ez dugu guk bakarrik egiten, herritik sekulako bultzada jaso dugu"

Lanpetuta bezain gogotsu

Ekinez musika elkarteko kide Julen Iñarrak onartu du azken egunotan bereziki lanpetuta eta urduri egon direla, halako jaialdi bat antolatzeak "hainbat buruhauste" eragiten dituelako, baina proportzionalki gogotsu eta ilusioz daudela dio: "Ateak zabaltzeko desiratzen gaude. Ekinez musika elkartetik gustatuko litzaiguke gogora ekartzea irabazi asmorik gabeko jaialdia dela. Ekinez ez dugu guk bakarrik egiten; Bergarako Udala dugu laguntzaile, eta, horrez gain, sekulako bultzada igarri dugu herriaren partetik. Ilusioa ez dugu guk bakarrik, herritik ere sentitu dugu ilusio hori. Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bereziki boluntario lanetan arituko diren guztiei; denon artean aterako dugu jaialdia aurrera".

Iñarrak aitortu du "erronka handia" dela halako ekimen bat antolatzea, baina sinistuta dago dena ondo irtengo dela, orokorrean: "Lantaldeko kide batzuk sektore profesionalekoak izan arren, lotu beharreko gauza asko dira. Gure herrian antolatzen ari gara eta gauzak ondo egin nahi ditugu, eta horretarako tresnak baditugu. Baina bai, azken orduko urduritasunak kudeatzeko lanetan ere ari gara".

Eskaintza nabarmen zabaldu

Ekinez jaialdiaren lehen edizioan punk eta oi! doinuak lantzen zituzten taldeak izan ziren protagonista. Aurten antolakuntzak "ahalegin berezia" egin du beste estilo batzuei ere tokia egiteko, eta, horregatik, kiroldegi atzeko Eginez gunean musika urbanoa izango da nagusi, salbuespenak salbuespen. 28 proposamenen artean baten bat azpimarratuko duten galdetuta, antolakuntzako Oier Aperribaik dio bigarren edizio honetan ere "asko" direla "bereziak" diren taldeak: "Ahalegin berezia egin dugu talde bereziek jo dezaten aurten ere. Adibidez, power-popa lantzen duen Parisko Alvilda laukoteak ikusle bat baino gehiago harrituko ditu; ska doinuak ere izango ditugu aurten, Skabidean taldearekin... Eskaintza zabalagoa da aurten. Horrez gain, aipatu nahiko nituzke lagata zuten bi talde, nire sorkuntzan pertsonalki asko eragin didatenak: Brigada Criminal eta Enboskada".

Oier Aperribai, Ekinez musika elkartea: "Ahalegin berezia egin dugu talde bereziek jo dezaten aurten ere"

Horrez gain, beste talde batzuk ere aipatu ditu Aperribaik: "Kaleko Urdangak taldearen zuzeneko latza izango dugu bigarren edizioan ere. Gainera, azkenaldian agertokietara itzuli diren Doubling Boys eta Hell Beer Boys taldeek ere erakutsiko dute sasoiko itzuli direla...".

 

Kontuan hartu beharrekoak

Hainbat dira kontuan hartu beharreko oharrak eta iazko edizioarekiko nobedadeak. Hasteko eta behin, kokalekua Labegaraieta izatera eta bizilagunak oso gertu egongo direla jakinda, bi egunetan 01:00etarako denak egon beharko du amaituta. "Bizilagunak ahalik eta gutxien oztopatu nahi ditugu, eta, aldi berean, jaialdiari eguneko nortasuna eman. Eguneko plan bat proposatzen dugu, publiko guztiei bideratuta", gaineratu du Iñarrak.

Horrekin batera, antolakuntzatik eskatu diote publikoari bizilagunak errespetatzeko eta jarrera zibikoa izateko; besteak beste, gogoratu dute bengalak edota edozein piroteknia elementu erabiltzea debekatuta dagoela. Amilotx taberna ondotik sartu beharko da jaialdira (Ikus hurrengo orrialdeko mapa); gaur, egubakoitza, 17:30ean irekiko dira ateak, eta bihar, zapatua, 11:30ean. Eginez gunea gaur 19:00etan irekiko dute eta bihar, berriz, 16:00etan.

Bestalde, beste edozein jaialditan bezala, 16 eta 18 urtera artekoek gurasoen ziurtagiria beharko dute eremura sartzeko eta 16 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute; ezin izango da kanpoko edaririk sartu eta adingabeek debekatuta izango dute jaialdian zehar alkohola erostea. Edalontzi berrerabilgarriak euro baten truke eskuratu ahalko dira. Bi gune nagusiez gain, atseden-gunea ere egongo da, bi janari-furgonetarekin eta herriko elkarteek kudeatuko duten janari-txosna batekin.

Kanpalekua Miguel Altunan

Aurtengo beste nobedade aipagarri bat da jaialdiak kanpaleku propioa izango duela. Iaz hutsune hori antzeman zuten antolatzaileek eta aurten kanpalekuaren aldeko apustua egin dute; Miguel Altuna Lanbide Heziketaren egoitza berriaren ondoko zelai baten egokitu dute. Bi metro koadroko 80 partzela jarri dituzte, ziztu bizian saldu zirenak. Gaur irekiko dute kanpina jartzeko eremua, 13:00etan, eta domekara arte 15:00ak arte egongo da zabalik. Kanpalekuaren eremuan komunak egongo dira eta dutxa zerbitzua Labegaraietako kiroldegian izango dute bertako erabiltzaileek; dutxak erabilgarri egongo dira zapatuan eta domekan, 09:00eta - tik 12:00etara.

Aparkalekuak eta trafikoa

Bergarako Udalak ere bestelako ohar batzuen berri eman du: kiroldegi atzeko aparkalekua itxita dago eguaztena ezkero; Ibarrako aparkalekua atzo itxi zuten eta Ibarra kalean dauden aparkalekuak gaur itxiko dituzte; gaurtik jaialdia amaitu arte trafikoari moztuta egongo da Ibarra kalea –barruko kalea, jaialditik gertuen dagoena–; bestalde, Ozaeta kalearen ondoko aparkalekua – lehengo Candy enpresarena zena– argiztatu egingo da behin-behineko fokuekin gaur eta bihar gauean; eta kiroldegia astelehenetik aurrera erabili ahalko da normaltasun osoz.

Udaletik adierazi dute eskura dituzten "baliabide guztiak" erabiliko dituztela jaialdiaren eta auzoaren arteko elkarbizitza "ahalik eta eramangarriena" izan dadin. Autobusak eta furgoneta-gunea Euskal Herritik eta Espainiatik jendea etorriko denez, Telleria kalean autokarabanendako eta furgonetendako gune bat egokitu dute, eta bailarara begira Eibar-Eskoriatza eta Antzuola-Elgeta lineetan autobus zerbitzua indartu egin dute Lurraldebusen bitartez.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak