Txapelketa gaizki hasi zuen Burdinolak, hain zuzen, gaurko aurkariaren aurka 7-2 galduta. Edozelan ere, behetik gorako bidea eginda, finalera iritsi dira. Bigarren partidua 3-2 irabazi zuen etxeko taldeak eta hirugarrenean bost goleko aldea behar zuen aurrera egiteko. 3-10 hartu zuten mendean Tres Cantos taldea eta, beraz, hurrengo fasera sailkatu ziren. Finalera iristeko azken urratsa atzo iluntzean egin zuen Oyangurenen taldeak, Castellbisbal 5-9 mendean hartuta.
Gaur eguerdian jokatu dute final handia eta oso lehiatua izan bada ere, Burdinolak ezin izan du irabazi. 2-0 galtzen hasi dira eta etxekoek aldea murriztu badute ere, Vila-Realek segidan egin du 3-1ekoa. Horren ostean, partziala erabat irauli dute bergararrek eta 3-4 aurretik jarri dira. Hala ere, kanpotarrek estutu egin dute azken txanpan eta beste bi gol sartu dituzte, garaipena eskuratuz. Hirugarren postua, azkenik, Aranda de Dueroko taldearentzat izan da.
Agustin Oyangurenek balioa eman dio taldeak lortu duenari. "Oso aurkari indartsuaren aurka jokatu dugu eta atezaina ere oso ona daukate. Zaila da hari gola egitea eta guk gaur lau egin dizkiogu, beraz, pozik egoteko moduan gaude", adierazi du. Halaber, Burdinolak eta Vila-Realek egindako gorakada azpimarratu du bergararrak. "Iaz Tres Cantosen jokatu genuen txapelketa hau eta gu seigarren sailkatu ginen; Vila-Real, berriz, bosgarren".
Bergara, hockeyaren mapan kokatuta
Espainiako Txapelketa bat antolatzeak lan handia dakarrela onartu du Oyangurenek. Alde batetik, antolakuntza arloak dakarren lan guztia eta, bestetik, lurzoru homologatua jarri behar izan dute bertan jokatu ahal izateko. "Izugarrizko lana dago honen atzean, baina guretzat oso inportantea da ikusgarritasuna. Hau da, oso kirol minoritarioa da gurea eta horrelako ikuskizun batekin bultzada bat ematen diogu. Era berean, hockeyaren eta Bergararen arteko lotura bat sortzen dugu, Espainia mailan, behintzat, badakitelako non dagoen gure herria".