Jardun Antzerki Eskolako 8 eta 12 urte bitarteko ikasleek ikasturteari agur esango diote urte honetan ikasitakoa taularatuz. Emanaldia gaur izango da, arratsaldeko seietan, Seminarixoan. Denera, 25 haur eta gazte igoko dira oholtzara eta bi lan interpretatuko dituzte: Karmaren hamabi arauak eta Pijama jaia. Doakoa da, baina gonbidapenak Jardunen eskatu behar dira.
Urte osoan egin dute lanketa Olatz Pagalday eta Sonia Villamor irakasleekin gazteek, eta bi antzezlanak denen artean sortu dituzte. "Konturatu ginen ikasleek beti esaten zutela karma hitza, baina ez zekitela zer zen. Beraz, pentsatu genuen horren inguruko zerbait egitea. Bigarrena ikasleek nahi zuten gai baten bueltan egin dugu", adierazi du Pagaldayk.
Antzerki taldea baino gehiago
Ikasturtean zehar "oso gustura eta giro onean" egon direla nabarmendu du irakasleak, baina antzerkia beste gauza batzuk zeharka lantzeko aitzakia dela dio: "Gure helburua ondo pasatzea da euskaraz hitz egiten eta antzerkia egiten. Hori da guretzat baliorik garrantzitsuena". Sormen-lanera heltzeko, kurtso hasieran hasten dira talde-lanean: "Jolasekin hasten gara taldea taldetzen, talde-lanerako kontzientzia hartzen, gure artean gatazkak konpontzen... Gabonak aldera hitz egiten dugu ikasleekin, eurak ere sormenean parte-hartzaile izan daitezen".
Antzerkiarekin zeharka lantzen dituzte sormena, talde-lana eta euskara
Jardun Euskara Elkarteko Maitane Arizabaletak ildo beretik jarraitu du. Entseguetan sortzen den sorkuntza-lanean, ikasleen arteko elkarlanean, errespetuan eta hizkuntzaren lanketan jarri du azpimarra, besteak beste. "Guretzat, gure herriarentzat, kulturarentzat eta euskararentzat oso aberasgarria da antzerki taldea. Hizkuntza aldetik, ahozkotasuna eta hiztegia lantzen da, eta. hortaz, euskara maila hobetzen da", azaldu du Arizabaletak.
Izen-ematea irailean
2006an sortu zen Jardun Antzerki Eskola, eta Debagoieneko Antzerki Plataformako (DAP) kide da. Hainbat lan-ildo ditu plataformak; tartean, formakuntza –formala eta informala–, eta formakuntza informalean jartzen du bere alea talde bergararrak.
Datorren ikasturtean ere antzerki taldeak lanean jarraitzeko asmoa dauka. Izen-ematea irailean zabalduko dutela jakinarazi dute Jardunetik, baina dagoeneko norbaitek interesa izanez gero aurreratu dute Jardun Euskara Elkartearekin harremanetan jarri daitekeela.