Mugimendu Sozialistak ohar bidez jakitera eman duenez, egubakoitzetik martitzenera "giro polita" izan dute San Martin plazako txosnaren inguruan: "Hilabete luzeetan egindako lanak bere fruituak eman ditu, eta plazan giro txukuna izan dugu. Hau dena lortzeko ezinbestekoa izan da militantziak zein militantziatik kanpoko jendeak egindako lan guztia".
Egitaraua "arrakastatsua"
Mugimendu Sozialistaren egitarauko ekintzek arrakasta izan dutela diote: "Udalak antolatutako egitarauaz gain egitarau gehigarri bat izan dugu plazan eta horrek jai giroa gauean zehar luzatzea eragin du. Eguraldi ona egin du, eta musika eta jaia aire librean izateko aukera paregabea izan da. Egitarauaren parte izan diren artista guztien jarrera oso ona izan da, haiek ere gustura egon direla adierazi digute. Asko eskertzen dugu rapero, musika talde eta DJek izan duten borondatea eta laguntzeko gogoa. Eta nola ez, txosna aurrera eraman ahal izateko, antolakuntzan eta txandetan parte hartu duten bergarar gazte guztien lana eredugarria izan da".
Udalaren "oztopoak" salatu dituzte
Hurrengo urterako gogotsu daudela esatearekin batera, Udalaren partetik jasotako "oztopoak" salatu dituzte: "Kurtso hasieratik, txosnagunean parte hartzeko gogoa adierazi genuen. Eragile bezala txosnagunean parte hartzea ukatu ziguten, eta abenduan txosna bat jartzeko eskaera egin genuen udaletxean. Hortik hona, baimena lortzeko prozesu luze bat izan dugu. Guk, txosna izateko eskubidea defendatu dugu, eragile bezala lan egiteko eskubidea. Horregatik, udalarekin akordio batera iristeko prestutasuna adierazi dugu. Udalaren jarrera aldiz, oso bestelakoa izan da. Ez du inolako borondaterik adierazi hitzarmenik sinatzeko, denborak luzatu ditu, eta plazako txosna kudeatzeko adostasunera iritsita geundela, Pentekosteak hasi baino astebete lehenago txosna esleipen publikora atera du. Honek, azken momentura arte txosna jartzeko baimena kolokan izatea eta antolakuntzarako oztopo nabarmena suposatu du. Gure asmoa argia da: jaiak antolatzeko borondatea eta gogoa daukagu eta bere horretan jarraituko dugu. Udalari eskatzen diogu desberdintasunez jokatzeari utzi eta akordio bat sinatzeko. Aurtengo jaietan ikusi da antolakuntzaren bitartez oztopoei aurre egitea lortu dela, eta jai giro polita lortu dela. Hurrengo urtean, gehiago eta hobeto".