Bergara Hiriko finalak Pentekosteetako astelehenerako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mai. 27a, 09:32
Azketa eta Lizeaga –urdinez–, finalera; Muruak –gorriz, eskuinean– Oskoz ordezkatuko du.

Bergara Hiria pilota txapelketako finalak jokatuko dira maiatzaren 29an udal pilotalekuan (18:30) emakumezkoen eta gizonezkoen promes eta senior mailetan; hilaren 30eko jaialdi profesionalean Laso-Albisu eta Ezkurdia-Rezusta bikoteen artekoa izango da lehia nagusia.

Pilota menua ere oso beteta dator jaietako azken bi egunetarako. Batetik, maiatzaren 29an, Bergara Hiria txapelketako finalak jokatuko dira udal pilotalekuan (18:30). Bestetik, maiatzaren 30ean, profesionalen jaialdia izango dute pilotazaleek.

Bergara Hiria astelehenean

Eguaztenean jokatu ziren Bergara Hiria txapelketako bigarren finalerdiak, emakumezkoetan, gizonezkoen promes mailan eta gizonezkoen senior mailan. Emakumezkoen finalerdian, Garaik eta Gamindek 22-14 irabazi zieten Arrizabalagari eta Bergarari. Irabazleek pilota gutxiago galdu zituzten, eta hor egon zen gakoa. Gizonezkoen promes mailan, berriz, Tolosako taldearekin jokatzen duten Amianok eta Gabirondok 22-20 irabazi zieten Lizeagari eta Peñalverri. Partidu azkarra eta bizia izan zen.

Eta, amaitzeko, gizonezkoen senior mailan Azketak eta Lizeagak 22-15 irabazi zieten Muruari eta Apezetxeari. Azken finalerdi hori izan zen maila handieneko partidua; hasieratik aldea hartu zuten Azketak eta Lizeagak, eta alde horri eusten joan ziren partidu osoan. Bigarren finalerdi haien ostean, honako hau izango da Pentekoste-astelehenean jokatuko den final handiko kartelera: emakumezkoetan, Aldai-Galeano bikotea Garai-Gaminde bikotearen aurka lehiatuko da; gizonezkoen promes mailan Aranbarri-Loza bikoteak Amiano-Gabirondo bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak; eta, gizonezkoen senior mailan, bukatzeko, Murua-Aldave eta Azketa-Lizeaga artean erabakiko da txapela –Muruak Oskozen ordez jokatuko du–. BKEko pilota saileko presidente Julen Aranburuk dei egin die herritarrei finalez gozatzeko frontoira joan daitezen.

Rezustak etxean jokatuko du

Martitzeneko pilotari profesionalen kartelera honako hau izango da: Dario-Erostarbe eta Alberdi II.a-Ugartemendia bikoteen arteko partiduak irekiko du jaialdia eta lehia nagusia izango da Laso-Albisu eta Ezkurdia-Rezusta bikoteen artekoa. Jaialdia 17:00etan hasiko da; sarrerak salgai daude www.aspepelota.eus webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak