Zaintza lanetan aritzen diren emakumeek botako dute txupina

Hasier Larrea 2023ko mai. 24a, 18:42

Argazkia: Bergarako Udala.

Bergarako Udalak eta Jai Batzordeak zaintza lanak egiten dituzten pertsonei, bereziki emakumeei, egingo diete aitortza Pentekoste jaietan. Hortaz, etzi, hilak 26, sektore horretako ordezkaritza batek jaiei hasiera emateko ekitaldiko txupina jaurtiko du.

Zaintza ere jaiaren protagonista egitea da ekimen horrekin bilatzen dutena: "Beste alderdi batetik protagonista ere badelako, izan ere, batzuk jai egin dezaten beste batzuek zaintza lanak egitea ezinbestekoa da", adierazi dute Udaletik, eta gaineratu zaintza-eredua birpentsatzeko garaia dela.

Horren harira, Bergarako Udala lanketa egiten hasi da, funtzio hori betetzen duten askotariko pertsonekin (emakumeekin) plan bat diseinatuta. Zazpi helburu estrategiko finkatu dituzte, eta lehenak hala dio: "Zaintza bere dimentsio osoan ulertzea, lan hauek merezi duten aitortza egin eta ikusaraztea".

Ordezkaritzarekin harremana

Testuinguru horretan, Gorka Artola alkateak eta Ainhoa Lete zinegotziak harrera egin diote udaletxean txupina botako duen taldeari. Honako azalpenak eman dizkie alkateak: "Pentekoste jaien testuinguruan egiten ari gara lehen aitortza hau. Eta ez da kasualitatea. Jai Batzordeak eta Udalak bitarteko hori baliatu nahi dugu egiten duzuen lan ezinbesteko hori aitortzen hasteko. Zaintza herri eta gizarte moduan dugun erronka da, ondorioz, eremu pribatutik eremu komunitariora atera behar dugu erantzukizuna. Horregatik, babes egitura komunitarioak sendotu behar ditugu. Eta uste dugu hortik jota zaintza ekosistema oso bat eratu behar dugula, pertsona erdigunean jarrita. Izan ere, gaur egungo ereduan, oso erraz bihurtzen da pertsona erabiltzailea menpeko, eta horrek ez luke horrela izan behar. Pertsona horiek, zaintza behar izanagatik ere, pertsona izaten jarraitzen dute, proiektuak dituzte, zaletasunak, beharrak... Eta zaintzaileak ere zaindu behar ditugu. Uste dugu zentralitatea eman behar dizuegula zaintzaileei, eta hori egiten hasteko borondate irmoa daukagu”.

Bestalde, aurtengo jaiak iragartzeko kartela ere izan dute aipagai, Pentekoste jaietako protagonista nagusia, Bitorianatxo, erdigunera ekarri baita: "Emakume indartsua hori ere, zaintzan aritzen diren emakumeak bezalaxe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak